Fundazioko kide Alberto Agirrezabalek egin zituen anfitrio lanak, eta aurkezpen hitzen ondoren, omenduaren ibilbide profesionala gertutik ezagutu duten hainbat kidek hartu zuten hitza: Patxi Lopez lehendakari ohia eta Loli Asua teologoak, esaterako; Jose Maria Ruiz Soroa abokatuak ere parte hartu behar zuen, baina ezin izan zuen bertaratu, eta bere alabak irakurri zuen berak idatzitakoa.
Guztiek izan zituzten esker hitzak, eta azpimarratu zuten "ezagutza handiko pertsona" dela idazlea. Bere pentsakerari dagokionez, komunikabideetan parte hartu izan duen eztabaidetan "beti Estatu liberal baten alde eta norbanakoren askatasunaren alde" egin izan duela nabarmendu zuten gonbidatuek.
"Harrotasun handiz" jaso zuen aitortza Unzaluk: "Izan ere, oso kontuan dut nortzuk hartu duten saria nire aurretik". Norbanakoaren askatasuna sinesten duela adierazi zuen eta horretatik abiatuta, gizartean badirela "elementu iliberalak, demokrazioaren aurkakoak direnak" nabarmendu zuen, eta euskara jarri zuen horren adibide gisa. Bere esanetan, "ezin da inor derrigortu euskaraz egitera norberak nahi ez baldin badu".
Unzaluk Agustin Ibarrolak eginiko oroigarria jaso zuen fundazioko presidente eta Onaindiaren alargun Isozi Leturiondoren eskutik. Era berean, Felipe Juaristik olerkariak eta Juan Ramon Unamuno musikariak girotuko zuten ekitaldia.