Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak eta Docomomo Iberico fundazioak antolatuta, Docomomo plaka ezarri diote gaur Vista Alegreko Sarakatua dorreari. Hain zuzen, mugimendu modernoaren barruko arkitektura eta hirigintzaren dokumentazioan eta kontserbazioan egiten du lan Docomomok, eta urtero ezartzen dio plaka bat eraikinen bati Arkitekturaren Egunez –gaur da egun hori, hain zuzen–.
1958an, Juan Manuel de Encio eta Luis Peña Gancheguik diseinatu zuten Zarauzko dorre deigarria, eta 1960an amaitu zuten haren eraikuntza. Arkitektura moderno gisa sailkatuta dago, eta aitzindaria izan zen Europan, izan ere, hiru pisuko sei etxebizitza zituen bata bestearen gainean, eta hori guztiz berritzailea izan zen garai hartarako. Sistema horrek ez zuen asko iraun ordea, eta triplex formatua alde batera utzi eta 50 metro karratuko apartamentuak egin zituzten berandu baino lehen. Gaur egun, denera, 21 etxebizitza daude dorrean.
Plaka fatxadako ezkaratz ondoko horma batean jarri duten arren, dorrearen zabaltzan izan da ekitaldia, paisaia eta eguraldi paregabearekin. Bi akordeoi-jotzailek girotu dituzte protagonisten hitzartzeak. Eraikinari buruzko azalpenak eman dituzte bi arkitektoen seme-alabek: Alvaro Enciok eta Rocio Peña Gancheguik. Txikitatik izan ziren lagunak Encio eta Peña Ganchegui, eta beren arkitekto ibilbideko lehen lana izan zen Vista Alegre dorrea. Zarauzko udal arkitektoa zen garai hartan Encio eta, haren semeak azaldu duenez, bi lagunek Europako hainbat hiri bisitatu zituzten Vista Alegre urbanizatzeko ideiak eta inspirazioa hartzeko. Erronka handia izan zen, bertako bideak hirigintza aldetik hobetu behar zirelako, mendiaren orografia mantenduta.
Eraikineko zenbait bizilagun ere ekitaldian izan dira. Estanis Fernandez kultura ondarearen batzordeko kideak azpimarratu du prestutasun handia erakutsi dutela plaka ezarri ahal izateko beraiekin kontaktuan jarri zirenetik, eta bizilagunak eurak ere pozarren agertu dira, beren eraikinak duten balioaz jabetuta.