Atzo aurkeztu zuen Zarauzko Sarek urriaren 8an Donostian egingo duten mobilizazio eta jaialdia. Etxera bidea gertu! lelopean egun osoko egitaraua antolatu dute, eta ekimenak helburutzat izango du euskal presoen etxeratzeei "babesa eta prestutasuna" adieraztea. Adierazi dutenez, "geroz eta preso gehiago" dira etxetik gertu daudenak, eta hori "aurrerapauso garrantzitsutzat" jo dute.
Atzoko aurkezpenean adierazi zutenaren arabera, Zarauztik 10:08an pasatzen den trena hartzea gomendatzen dute, Boulebarretik abiatzen den Azken kilometroa egiteko martxarekin bat egiteko. Manifestazioan parte hartu nahi dutenentzat, berriz, 11:08ko trena edo 11:15eko autobusea hartzea aholkatu du Zarauzko Sarek. Azken hori Pio XII plazatik abiatuko da.
Ilunbeko jaialdian geratu nahi dutenentzat, bere aldetik, autobus zerbitzua eskainiko dutela ere jakinarazi zuten atzokoan. Zehazki goizaldeko 03:00etan izango da autobusa, eta Zarauzko Sareko kideek azaldu zutenez, Eguzki eta Arrano tabernetan eman beharko da izena autobus horretan itzultzeko.