Euskalgintzako hainbat pertsonen begiradapean, ostegun arratsaldean ireki zuten Sanz Enean Itxaropena argitaletxearen inguruko erakusketa, eta bertan izan ziren Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura zuzendaria, Andres Urrutia Euskaltzainburua eta Itxaropena inprentako hainbat ordezkari.
Lazaro Etxegarai eta Xabier Aramendi Itxaropenako kideek azaldu zutenez, erakusketak argitaletxearen 50 urte inguruko ibilbidea biltzen du, 1932. urtetik 80ko hamarkadara arte, sortu zenetik argitaletxe izateari utzi zion arte, alegia. Hainbat motatako liburuak daudela adierazi zuten: euskalkietan nahiz hizkuntza estandarrean idatzitakoak, diktadura garaikoak, hainbat itzulpen...
Xabier Txurruka alkateak adierazi zuenez, erakusketaren helburua da inprentak 90 urtetan egin duen lana erakustea, baina baita editore lana nabarmendu eta gerraostean euskal kultura biziberritzeko asmoz "konpromisoa eskaini eta lanean jardun zutenei berea aitortzea ere".
Zupiriak azaldu zuenez, familia bereko laugarren belaunaldiraino iritsi da Itxaropenaren kudeaketa, eta hori gaur egun "bada kontuan hartzeko zerbait". Horregatik, konpromisoa adierazi zion familiari "aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko". Telleriak, bere aldetik, Itxaropena euskal historiaren zati ere badela adierazi nahi izan zuen, bere hitzetan, "edozein etxetako apaletan" egon baita argitaletxearen ale bat noiz edo noiz.
Urrutiak ere esker oneko hitzak izan zituen Unzurrunzaga familia nahiz argitaletxearentzat. "Gerra osteko zulo beltzean nahitaezkoa izan zen Itxaropena bezalako proiektu bat martxan egotea", adierazi zuen. Izan ere, bere hitzetan, euskararekin "trebatzeko" balio izan zien askori Itxaropenaren argitalpenek, baita eduki minimo bat hizkuntza horretan bermatzeko ere. Hori horrela izanda, "lanean jarraitzera" gonbidatu zituen Urrutiak Itxaropena inprentako kideak.
Familia, eskertuta
Urzurrunzaga familiako ordezkariak ere izan ziren osteguneko aurkezpenean, eta erabat "eskertuta" agertu ziren ekitaldian zehar. Azaldu zutenez, duela hiru urte sortu zen erakusketaren ideia, Zupiriak argitaletxeko artxibora bisita egin eta udaleko teknikariekin hitz egin ostean. "Argitaletxeak 90 urte beteko zituenez, 2022a urte aproposa izan zitekeela ondorioztatu genuen, eta gure helburua da gordeta eduki dugun gauza asko jendeak ikusteko aukera izatea" adierazi zuen Pello Unzurrunzagak.
Erakusketa ikusgai izango da Sanz Enea kultur etxean, egunero, 18:00etatik 20:00etara, datorren azaroaren 20a bitartean.