Aukera, boluntario lanari esker

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 1a

Begoña Egaña, Iñurritzako Jubilatuen elkartean. (Amaia Urbieta Arruti)

Adinekoen eguna da gaur, eta, hain justu, haiei zuzendutako ekintza sorta zabala dago Zarautzen, hainbat herritar jarduten direlako horiek prestatzen herriko elkarteetan.

Soldatapeko lanetik erretiroa hartzeak ez du zertan ekarri lana egiteari uztea. Begoña Egaña antzuolarra ezagutzea besterik ez dago hori frogatzeko. Zarautzen bizi da duela zenbait urtetik, eta 69 urterekin, hamaika saltsatan murgilduta ibiltzen da. Beste hainbat konturen artean, Iñurritza Jubilatuen Elkarteko presidentea da orain, eta une oro du zereginen bat esku artean.

Herri handia izanik, zerbitzu ugari dago Zarautzen adin guztietako herritarren beharrei egokituta. Hala, edadetuek denetarik egiteko aukera dute: informatika ikastaroak, soinketa egiteko askotariko saioak, kultur jarduerak, bidaiak... Hori hala dela aitortzen du Egañak, baina hein handi batean, hori posible da adinekoak eurak antolatzen direlako eta lan egiten dutelako horren alde. "Herri txiki batean zerbitzu gutxiago dago, bai, baina juntatzeko eta gauzak egiteko gogoa baldin badago, berdin-berdin egin daitezke", uste du Egañak.

Duela lau urte hasi zen bera, beste hiru lagunekin batera, elkarteko kideei laguntzen antolatzen zituzten ekintzetan. Handik pixka batera, lau lagun atera ziren batzordetik, eta beraientzako tokia gelditu zen. Gainera, sartzearekin bat, elkarteko presidente izendatu zuten Egaña. "Bateren batek egin behar du", esan du barrezka. Zortzi lagun dira batzordean, eta talde osoak egiten duen lana goraipatu du: "Oso-oso ekipo ona da".

Ez dira geldi egotekoak jubilatuen elkartekoak, hamaika ekintza antolatzen baitituzte urtean zehar, bai elkarteko kideentzat, bai elkartetik kanpoko herritarrentzat. Horietako hainbat ekarri ditu gogora Egañak: Arrain Zopa abesbatzarekin batera Santa Ageda bezpera ospatzen dute Iñurritza auzoan, afari eta guzti; bertso saioa antolatu ohi dute urtean behin gutxienez; Korrika igaro zenean txokolate jana antolatu zuten auzoan... "Korrikarena ederra izan zen, 200 txokolate basokada baino gehiago banatu genituelako goizaldeko 04:00etan; leher eginda amaitu genuen, baina oso gustura", oroitu du.

Bestalde, azpimarratu du pandemiak beraien jardunean izan duen eragin handia ere. 2020ko martxoan etenaldi luze eta gogorra izan zuen jarduera orok eta, behin hori igaro zenean, pixkanaka hasi ziren berriro ekintzak antolatzen. "Guri dena berriro martxan jartzea egokitu zitzaigun", esan du antzuolarrak, eta baieztatu duenez, ez zen lan erraza izan jendea berriro ere aktibatzea.

Zenbait ekintza Udaberri Jubilatuen Elkartearekin batera antolatzen dituzte. Esaterako, Virginia Imaz clown-aren tailerra. Bi elkarteek egiten dute lan handia, eta biak dira oso aktiboak. Dena den, Udaberrin asteroko ikastaro eta jarduna dagoen moduan, Iñurritzako elkartea "kulturarekin lotuago" dagoela irizten dio Egañak eta, horrez gain, elkarte gastronomikoa ere bada Iñurritzakoa. Biak osagarriak dira, beraz.

Hori bai, bi elkarteetan egiten dute bingo saioa astean behin. "Horixe da hemen inportantee- na!" azpimarratu du. Asteazkenero egiten dute saioa, eta elkartea goraino betetzen da, Egañaren esanetan. Jende oso heldua ere joaten da bingoan jokatzera, eta horiei apur bat laguntzeko, batzordeko bi kide joaten dira asteazkenero, txandaka-txandaka, edadetuenei kafeak-eta ateratzen laguntzeko. 16:30etik 18:00etara ematen dute barra zerbitzua, eta gero bingoa hasten da. "Orduan denak isiltzen dira", jokoan kontzentratu ahal izateko.

Saltsa handiko espazioa da Iñurritza Jubilatuen Elkartea, eta erabiltzaileek asko eskertzen dute hori. Zenbait egunpasa antolatzen dituzte, eta izena ematen dutenek oso gustura parte hartzen dute halakoetan. Azkenekotik bueltan, "noiz egingo dugu hurrengoa?" galdezka zituen Egañak itzulerako autobusera igo bezain pronto.

Dena den, egiten duten guztia antolatu ahal izateko "boluntario falta" dagoela nabaritzen du antzuolarrak. Elkarte gastronomikoa izanik, jendea bazkaltzera eta afaltzera joaten da bertara, baina batzordekoak ekintzak antolatzeaz hitz egiten hasten direnean, "beste aldera begiratzen du jendeak".

Gero eta boluntario gutxiago egotearen errua beraiena ere badela uste du Egañak, "dena eginda" eman izan dutelako. Gauzak garbi ditu, ordea: "Hau guztia eramango duen talderik ez balego hemen, itxi egin beharko litzateke". Edo ez luke oraingo moduan funtzionatuko, bederen. Hori kontuan hartuta, Zarautzen jubilatuentzako eskaintza handia dagoela aitortzen du Egañak, baina "jendeak horretarako lan egiten duelako" izaten dela hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide