Komunitateak ardura har dezan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko irailaren 30a

Alex Lopez, Goiener kooperatibako sortzaileetako bat eta energian aditua. (Utzitakoa)

Energia hizpide izan zuen atzo Modelo aretoan Alex Lopez zarauztarrak, Arkamurka natur taldeak antolatutako dokumental emanaldi eta solasaldian. Goiener kooperatibaren sortzaileetako bat da bera, eta herritarrak energia komunitate bat sortzeko urratsak ematen has zitezen amua botatzea zen hitzaldiaren helburuetako bat. 

Hasteko, The great simplification dokumental laburra eskaini zuten. Bertan azaltzen da nola energia oso estu lotuta dagoen gizartearen gainerako alderdiekin. Hori frogatzeko hainbat datu mahai gaineratzen ditu, baita zenbait ondorio atera ere. Ikus-entzunezkoak hizpide dituen gaiak ardatz hartuta abiatu zuen solasaldia Lopezek. "Horiek jakinda, hausnartu behar dugu Zarauztik, herritar moduan, zer egin dezakegun egoera honen aurrean eta zer tresna ditugun gure eskuetan", azaldu du. Europako Batasunak 2018an Komunitate Energetikoen inguruan sortutako zuzendaritzaren bidea aztergai izan zuen Lopezek. "Ez dakit irtenbidea den, baina aztertu daitekeen bide bat da, eta Hego Euskal Herrian hortik tiraka hainbat talde ari dira sortzen". Deialdia egin zuen, jendeak interesgarri ikusiko balu, gaia lantzeko lehen bilera ireki bat egin eta horren bueltan arituko den herritarren talde eragile bat sortzeko. 


Zer da komunitate energetiko bat, ordea? Lopezen arabera, kontzeptuak ez dauka definizio zehatz bat, baina, nolabait esateko, "irabazi asmorik gabeko entitate kooperatiboa" izango litzateke. "Partaideak izan daitezke norbanakoak, elkarteak, instituzioak... eta beraien helburua da energia berriztagarriekin erlazionatutako edozein jarduera kudeatzea, haien erabilera sustatu eta bultzatzeko". Laburbilduta, energia komunitateak, alde batetik, efizientzia eta aurreztea bilatzen ditu eta, bestetik, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta horren kontrola herritarrek izatea.


Eskualdeko herrietan gisa horretako hainbat proiektu sortzen ari dira, baina horietako zenbaitetan "negozio zantzua" nabarmena da, Lopezen aburuz. "Tartean dauden entitateak ikusita, agerikoa da dena lotuta dagoela, etekinak betikoen eskuetan geratzeko. Zuzendaritzaren ideia ez da sortzea kooperatiba instrumental bat, jendeari etxe alboan plaka fotovoltaikoak instalatu, horiek energia pixka bat merkeago eduki eta irabaziak Repsoli fakturatzeko. Hori ez da gure helburua". 

Hainbat herritan sortzen ari diren "herritarrek bultzatutako" taldeak jarri ditu eredu ontzat Lopezek. "Beraiek erabakitzen ari dira zer egin, nola egin eta nola bideratu kontua. Batzuek udalaren babesa dute, beste batzuek ez, baina, azkenean, bultzatu nahi dena da jendeak ardura hartzea gai honen inguruan".

 
Ukaezina da gero eta pisu handiagoa hartzen ari dela energiaren gaia gizartean, eta Ukrainako gerra izaten ari den ondorioekin, are garrantzi handiagoa hartu du aferak. Horri tiraka, jakintza eta hausnarketa "gero eta garrantzitsuagoak" direla dio Lopezek. "Zer kostu dauka guk etxean energia izateko sortu beharreko azpiegitura guztiak? Nola mantentzen da? Gaur egungo eredu ekonomikoa oso dependentea da energiarekiko".


"Muga biofisiko batzuetara" iristen ari garela dio Lopezek. "Arazoa ez da petroleoa eta gasa amaitzen ari direla, baizik eta ezin ditugula eskuratu sistema ekonomikoak behar dituen besteko abiaduran eta kantitatean". Horrek egungo eredu ekonomikoa "krisialdian" sartzea eragiten du. "Osagai energetikoa dago gaur egungo inflazioaren azpian. Horren efiziente izateak daukan prezioa hori da: kate efiziente bat hauskorra da; katebegi batean arazoren bat baldin badago, kate osora transmititzen da". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide