Aurreko larunbatean hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolari zarauztarrak lehen faseko azken saioan abestuko du. Zehazki, urriaren 9an izango da saioa, Lizarran (Nafarroa).
Motxian-Etxebeltz bertsoguneak taldeko kide den bertsolaria animatzera joateko autobusa jarriko du Zarauztik, doan. Egun osoko plana proposatu dute: 11:00etan abiatuko da autobusa Eguzki tabernaren paretik, Lizarran bazkaldu (bazkaria norberak eraman beharko du), eta 17:00etan bertso saioa entzutera joango dira. Saioa amaitzean Zarautzera itzuliko da autobusa, 21:00ak alderako.
Izena eman nahi dutenek Eguzki tabernan izango dute aukera, eta etzi izango da horretarako azken eguna. Bertso saiorako sarrera norberak hartu beharko du bertsosarrerak.eus atarian.