Iritzia: Iluntzen

Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 14:30

(Lorentxo Portularrume)

Asteleheneko hilketa matxista izan du hizpide Andoni Egañak Berria egunkarian, atzoko Hitz Etzanak atalean.

Astelehen iluntzean, beste hizpiderik ez dendan, kalean, terrazetan, tabernan eta umez bakantzen hasitako jolas-parkeetan. Ez al nekien ezer. Zer? Benidormekoa. Ezetz. Zarauztarra ote zen esan zutela. Zarauztarra ezetz, Zarautzen bizi izandakoa. Soraluzekoa. Soraluzekoa ezetz, okindegian esan ziotela Plaentxikoa zela. Ez al dira herri bera? Ezetz batek. Baietz besteak. Izan zitekeela halako. Halako ezetz, hark ia 80 urte bazituela. Eta beste halako? Zein? Hura ez zela Plaentxikoa. Hura bilbotarra zela, antzematen zitzaiola handikian. Eta senarra? Zarauztarra zela esan zutela. Herrikoa? Betidanik? Seguru? Ezetz, seguru-seguru ezetz, baina telebistak esan duela...

Izugarrizko datu pila nahasian, baina izugarrikeriari buruzko komentario bakar bat ere ez. Hedabideek, gehienek, indarkeria matxistaren biktimak zenbatzeko joera antzua dute; herritarrok, kontatuta aski izaten dugu. Hori bai: norberak kontatzea gustatzen zaigu. Han eta hemen bila ibilita, honi eta hari galdezka jardunda, ni egin naiz egiaren jabe. Nik badakit. Nik kontatuko dizuet.

Eta halako batean, tabernako atarian, gorantz begira ari den gizonezko edadetu baten hitzak, ordura arteko datu anabasa baino barrenerago iritsi zaizkidanak: «Berriz ere oso goiz iluntzen hasi du».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide