Asteartean beteko dira 47 urte Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetar eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak zein FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituela. Gudari Eguna ospatuko da egun horretan, eta hori tarteko, hainbat ekitaldi izan dira asteburuan.
Azpeitian ekitaldia egin zuten larunbatean, eta bi fusilatu euskaldunen bizitzan eta ibilbidean jarri zuten arreta. Ekitaldian izan ziren Txikiren familiako kideak.
Horrez, gain, urtero bezala, Kataluniako Cerdenyola de Valles herrian ere oroitu zuten Txiki. Bertan fusilatu zuen zarauztarra Guardia Zibilak. Txikiren anaia Diego Paredesek hitz egin zuen Kataluniako omenaldian, baita EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedok ere. Bestetik, CUPeko Dolors Sabaterrek Txikiren azken gutuna irakurri zuen.
Zarautzen ere ekitaldiak
Gudari Egunean bertan, urtero bezala, Zarauzko hilerrian elkartzeko deia egin du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, eta han egingo dute ekitaldia, 12:00etan. Horrez gain, 19:30ean ere ohiko ekitaldia egingo dute, Villa Manuelako pilotalekuan.