Quebrantahuesos bizikleta proban bigarren izan da Haimar Zubeldia

Julene Frantzesena 2022ko irailaren 24a

Haimar Zubeldia txirrindularia, artxiboko irudian. (Hitza)

Zubeldiak Imanol Arizmendi txapeldunagandik segundo bakarrera gurutzatu du helmuga. Zehazki bost ordu, 32 minutu eta 13 segundo behar izan ditu Zarauzko bizilagunak proba bukatzeko. Gaur egin dute ekainean bertan behera gelditu zen proba Sabiñanigon. 

Gaur, larunbata, egin dute tenperatura altuak zirela-eta ekainean bertan behera utzi zuten Quebrantahuesos proba –baita Treparriscos ere– entzutetsua Sabiñanigon (Huesca, Espainia), eta Haimar Zubeldia bigarrena izan da proba amaitzen. Bost ordu, 32 minutu eta 13 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko Zarauzko bizilagunak, Imanol Arizmendi txapeldunak baino segundo bat gehiago. 

Eguraldi makurra zegoen gaurko iragarrita, baina probari hasiera, behintzat, ateri zela eman diote parte hartzaileek. Ia 200 kilometroko ibilbidea gauzatu dute 4.300 parte hartzaileek –ekainerako askoz ere txirrindulari gehiago zeuden izena emanda–, eta horietan helmugaratzen bigarrena izan da Zubeldia. Guztira, 3.500 metroko malda positibodun ibilbidea egin dute, eta Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca mendateak igo dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide