Nik Tri Triatloi Taldeak Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia antolatu du estreinakoz urriaren 8rako, eta dagoeneko 158 bikotek eman dute izena. Parte hartzea 200 bikotera mugatu dute, eta helburua betetzeko itxaropena dute antolatzaileek, kontuan izanda oraindik bi aste geratzen direla probarako eta izen-emateak erritmo onean doazela ikusita. Urriaren 3an bukatuko da izena emateko azken eguna; www.niktri.eus webgunearen bitartez egin daiteke.
"Lehen edizioa da, eta, kontuan izan behar dela ez dagoela halako triatloirik ingurua, ezta kanpoan ere. Oso gustura gaude izaten ari den harrerarekin", azaldu du Nik Triko idazkari Maddi Etxeberria. Gizon adina emakume bilduko dituen "lehen triatloia" izango dela azpimarratu du antolatzaileak, eta, zentzu horretan, "oso harro" daudela adierazi du.
Parte-hartzaileei dagokienez, momentuz izena eman dutenei erreparatuta, 44 bikote dira zarauztarrak, 25 bikote donostiarrak, eta, oro har, Euskal Herri osotik gerturatuko dira distantzia laburreko triatloia egitera. Laburra eta herrikoia: igerian 350 metro egingo dituzte, zazpi kilometro bizikletaz, eta 2,250 kilometro lasterka. Izena emateko 14 urte baino gehiago eduki beharko dira, eta federatuek nahiz federatu gabeek hartu ahalko dute parte. "Edozein motatako bizikletekin egiteko modukoa da, errepidekoarekin nahiz paseokoarekin", seinalatu du.
"Denetariko maila"
Partaide asko famili arteko lotura duten bikoteak izango dira, bikotekideetako batek triatloia praktikatzen duena eta laguna bultzatu duena parte hartzera, edo besterik gabe laguna artean animatu direnak. "Denetariko maila espero dugu, egia esan", dio Etxeberriak. Edonola ere, argi eta garbi utzi du Bikote Mistoen Triatloi Herrikoian lehia bigarren plano batean geratuko dela: “Probak ez du podiumik izango, baina uste dugu triatloi batean parte hartze hutsak saria merezi duela, beraz, hainbat produktu zozkatuko ditugu parte hartzaile guztien artean”.
Irteera 12:30ean izango da, eta 30 segundoko aldearekin joango dira bost bikoteko multzoak ateratzen moilatik. Modu horretan, jendeak igerian lasaiago egin dezan nahi dute, inolako oztoporik gabe, eta, batez ere, sailkapeneko kontuak albo batera uzteko, bai parte-hartzaileek bai ikusleek. "Horrela, festa giroa bultzatu nahi dugu, eta denborak albo batera utzi nahi izan ditugu parte hartzea sarituz. Azken finean, emakumeen parte hartzea sustatzea dugu helburu, batetik, eta triatloia egin ez dutenei kirol hau egitera animatzea, bestetik", nabarmendu du antolatzaileak. Proba parrilada batekin biribilduko dute amaieran.
Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Leire Arana eta probako babesle nagusi diren Gran Camping, Laboral Kutxa eta Triatloia Maite Dut egitasmoko ordezkariak aurkezpenean izan dira, eta probarekiko beraien atxikimendua adierazi dute. Aranaren esanetan, “Zarauzko Udalarentzat ohore bat da Nik Trik triatloi formatu hau Zarautzen antolatzea, izan ere, helburuak bat datoz udaleko kirol politikekin. Alde batetik, kirolean emakumeen parte hartzea sustatzea, eta bestetik, lehia alde batera utzi eta edonork parte hartu lezakeen probak bultzatzea” .