Behin-behineko lanpostuen kontsolidazio prozesua martxan jartzeko oinarriak berehala proposatzeko eskatu dio LABek Zarauzko Udalari

Julene Frantzesena 2022ko ira. 22a, 12:00

Sindikatuak idatzi bat aurkeztu du eskualdeko udal guztietan –Zestoan ez, han zehaztuta dituztelako oinarriak–. Oinarriak proposatzeko galdegiteaz gain, langileen ordezkariekin egin beharreko negoziazio prozesua martxan jartzeko ere eskatu die LABek Urola Kostako tokiko erakundeei. 

Urola Kostako LABek idatzi bat aurkeztu du eskualdeko udaletan, behin-behineko lanpostuen kontsolidazio prozesua martxan jartzeko “ezinbestekoak” diren oinarriak “berehala” proposa ditzatela eskatzeko. Gainera, langileen ordezkariekin egin beharreko negoziazio prozesua ere martxan jar dezatela eskatu diete erakunde horiei, abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar baitira oinarriak eta jarri behar baita martxan kontsolidazio prozesua. Zestoan ez dute aurkeztu idatzia; izan ere, sindikatuak adierazi duenez, oinarri horiek zehaztuta dituen udal bakarra da hangoa.

Eskualdeko LABek azaldu duenez, Eudeleko eta sindikatuetako ordezkariek gaiaz hitz egiteko bilerak egin zituzten uztailaren 21ean eta 28an; zehazki, Eudeleko zuzendaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako lanpostuen egonkortze prozesuetarako ezarri nahi dituen oinarri homogeneoak proposatzeko eta eztabaidatzeko egin zituzten bilkurak.

Tokian-tokian negoziatu beharra

Bilera haietan, sindikatuen posizioan berretsi zela azaldu du LABek, “argi” baitu egonkortze deialdiak tokian-tokian, udalez udal, negoziatu eta adostu behar direla: “Negoziazio kolektiboa langileoi dagokigun oinarrizko eskubidea da, eta udalez udal aldarrikatuko dugu. Gainera, egonkortze prozesuetan finkatutako helburuak nekez erdietsiko dira oinarriak tokian-tokian lantzen ez baldin badira; ezin dira oinarri homogeneo berberak ezarri Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki administrazio orotan”.

Eudelek eta aldundiek egonkortze prozesuen kudeaketa materialean laguntzea “ezinbestekoa” iruditzen zaio LABi, udal txiki eta ertainei dagokienez batez ere, “inolaz ere ez, ordea, udal autonomiaren eta udal langileen negoziaketa kolektiboen kaltetan”. Horrenbestez, sindikatuak azaldu duenez, aholkularitza eskaintzeko bestelako formulak aztertzea eskatu zion bileretan Eudeli.

LABek azaldu duenez, bilerekin jarraitzea erabaki zuten sindikatuek eta Eudelek uztailean. Dena den, lan mahai horrek udal bakoitzaren negoziazio markoa “ezin” duela ordezkatu “argi” dutela ere esan du. “LAB prest dago egonkortze prozesuetako irizpide orokorrak eta oinarrizko ereduak lantzeko, baina erabakimena udal bakoitzari dagokio”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide