Traineruak jaso osteko atzera begirada

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 20a, 10:00

Zarautz Gesalaga Okelango bi traineruen aurkezpena, ekainean, Musika Plazan. (Aritz Mutiozabal)

Egindakoaz ikasteko eta atseden hartzeko tenorean dira orain Zarautz Gesalara Okelango arraunlariak. Duela aste gutxi amaitu zuten denboraldiaren balorazioa egin dute Uxue Alberdi eta Aitor Elizondo arraunlariek.

Herenegun amaitu zen denboraldia oraindik lanean ari ziren traineruentzat. Kontxako sailkapen estropadan eman zituzten sasoiko azken paladak Zarautz Gesalaga Okelango traineruek eta, atzera begira jarrita, denboraldiaren balorazioa egin dute Aitor Elizondo eta Uxue Alberdi arraunlariek. Aseta dago egindakoarekin bata, eta aho zapore mingotsagoa geratu zaio besteari.

Gizonen traineruaren kasuan, gazi-gozoa da sentsazioa. Elizondo arraunlariaren aburuz, denboraldiaren lehen erdia "gustura geratzeko modukoa" egin zuten, baina bigarren zatian ez dute lortu egindakoarekin konforme geratzea. "Goitik beherako denboraldia" egin dute. "Borrokatzeko kapaz izan gara, baina hortik atera garenean lan handiak izan ditugu, eta noraez sentsazioarekin ibili gara", dio Elizondok. 

Datorren urtera begira, ezer ziurrik ez du mahai gainean jarri arraunlariak. Denboraldia "nekatuta" amaitu dutela dio, eta orain deskantsatzea eta indarrak hartzea ditu helburu.

Bestelakoa da emakumeen traineruko Alberdi arraunlariaren iritzia ontzian egin duten bigarren denboraldiaz. Bi helburu zituzten denboraldi hasieran, eta biak betetzat eman ditu Alberdik: taldea egonkortu, arraunean hobeto egiten ikasi eta esperientzia irabaztea batetik, eta aurreko urteko emaitzak hobetzea bestetik. "Egia da beharbada ez garela oso erregular ibili emaitza aldetik, baina behetik gorako denboraldia izan da gurea", esan du.

Atsedenaz gozatzen ari dira eta oraindik ez dira hurrengo denboraldiari begira ipini, baina azpimarratu du lehen helburua izango dela hirugarrenez uretaratzea emakumeen trainerua. Behin hori lortuta, arraunean zailtzen jarraitzea izango dute xede.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide