Kuadrilla Eguna antolatzeko bilera irekia deitu dute ostiralerako

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 14a, 09:00

2019ko Kuadrilla Eguneko irudia.

Udazkenean ere festa giroa izango da Zarautzen. Urriaren 15ean ospatuko da Kuadrilla Eguna, eta egun horretan antolatu daitezkeen ekintzak zehazteko, bilera irekia izango da etzi, ostirala.

Urriaren 15ean ospatuko da Zarauzko Kuadrilla Eguna. Uztailean egun horretan antolatu daitezkeen zenbait ekintzaren proposamenak jaso baziren ere –goitibeherak errekuperatzeaz, musika taldeez nahiz herri bazkariaz aritu ziren–, ekintza horiek adostu eta antolaketan laguntzeko, bilera irekia izango da ostiralean. 

Etxezabalako bilera aretoan izango da bilkura, 18:30ean. Dena den, bertaratu ezin dutenek ere izango dute ideiak eta proposamenak helarazteko aukera, gazteria@zarautz.eus helbidera idatzita, 943 00 51 22 telefono zenbakira deituta edo 612 27 95 66 zenbakira Whatsapp mezua bidalita.

Bezperan ere bai

Kuadrilla Egunean bakarrik ez, bezperan ere, urriaren 14an, kontzertuak izango dira. Gipuzkoangazte Tour-ek hartuko du Lizardi aretoa, eta 18:30etik aurrera, Merina Gris, Dj Javi eta Dj Ephi ariko dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide