Plaieroak 2022-2023

Izena eman daiteke Hondartzako Futbol Txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 13a, 16:00

Azken denboraldiko partida bat. (Amaia Urbieta Arruti)

Hilabete eskas barru abiatuko da plaieroetako sasoi berria. Futbolaren festa hondartzara itzuliko da hamabostero eta, lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek hil honen 25era arte dute izena emateko aukera. 

Urriaren 9an hasiko da 2022-2023 denboraldiko Hondartzako Futbol Txapelketa. Parte hartu nahi duten taldeek dagoeneko eman dezakete izena txapelketan, eta hilaren 25era arte zabalik egongo da horretarako epea. Izena emateko, beharrezko informazio eta dokumentazio guztia bidali beharko da antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora. Antolatzaileek zehaztu dutenez, kirol elkartearen bulegoan ez dute jasoko izen ematerik. 

2022-2023ko plaieroetako txapelketan parte hartu nahi duten taldeek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Jokalari guztien NAN agiriaren fotokopia. 
  • Delegatuaren NANaren fotokopia, posta elektronikoa eta telefonoa. 
  • Taldearen informazioa duen excel dokumentua beteta (deskargatu dokumentu hutsa hemen). 
  • Jokozainaren izena eta telefonoa.
  • 260 euroko transferentziaren egiaztagiria eskaneaturik. Honako kontu korrontean sartu beharko da dirua: CAJA RURAL DE NAVARRA: ES17 3008 0181 30 3009408216 (ordainketa egin arte izen ematea ez da ofizialtzat joko). 

Aurkeztu beharreko dokumentazioaz gain, izena eman ahal izateko baldintzak ere zehaztu dituzte antolatzaileek: jokalariek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte; gizonetan, gehienez 22 jokalari izango dira taldean eta 11 gutxienez; emakumeetan, hemezortzi jokalari izango dira gehienez eta zortzi gutxienez (kasu bereziak onartuko dituztela ere zehaztu dute).  

Fitxei dagokienean, jokalari eta delegatuen fitxen dokumentuaren URLa bidaliko zaio talde bakoitzari. Dokumentu horrek klubaren zigilua eramango du, eta partida egunetan eskura eduki beharko da (digitalki edo fisikoki). Antolatzaileek ohartarazi dute jardunaldiaren egun berean ez dela fitxarik egingo, eta taldean jokalari berriak sartu ahal izateko, beharrezko datuak jardunaldia baino astebete lehenago bidali beharko direla antolakuntza@playeruak.eus helbidera. 

Azken urteetan egin bezala, jokalarien poltsa bat osatuko dute aurten ere, oraingoz talderik ez duten baina txapelketan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezaten. Jokalari horiek ere posta elektroniko bidez egin behar dute inskripzioa.

Azkenik, jakinarazi dute bilera egingo duela antolakuntzak izena eman duten talde guztiekin urriaren 1ean, larunbatarekin, 11:00etan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide