Hitzekin ere instrumental jokatzea

IƱigo Astiz/Berria 2022ko ira. 11a, 17:15

Heloy Galanek, Kepa Izetak eta Jonbe Martinezek osatzen dute Sofa taldea egun. (SOFA)

Rock matematiko dantzagarria egiten du Sofa taldeak, eta bi disko instrumental kaleratu ostean, ahotsak ere sartuta argitaratu du hirugarren lana: 'Krispetak'. Berria egunkariak kaleratu du erreportajea.

Barre egitea izan da Kepa Izeta Sofa taldeko baxu jotzailearen lehen erreakzioa, baina baietz esan du gero, «ongi jo eta ongi pasa» izan daitekeela euren musika laburbiltzeko lelo egokia. «Kontzertuetan-eta, metalzaleek beti esaten digute hori, akorde maior gehiegi jotzen ditugula, eta happy-egiak garela, baina guk beti izan dugu dantzarako eta alaitasunerako grina hori, natural atera zen hasieran, eta horri eutsi diogu». 2012. urtean sortu zuten Sofa, Zarautzen (Gipuzkoa), eta hirugarren diskoa kaleratu dute orain: Krispetak (Bonberenea Ekintzak eta BCore). Alaitasun moduko batez blaitutako rock matematiko dantzagarria da eurena, eta, aurrez, bi disko instrumental argitaratu ostean —I izenekoa 2015ean, eta II 2017an—, kantuan ere hasi dira. «Erronka polita izan da».

Beste musika tresna bat gehiago balitz bezala landu dituzte ahotsak, halere. Ahotsari taldearen alderdi musikala zapal dezan utzi gabe. Eta diskoa abiatzen duen Zartaiko parakaidistak abestia izan daiteke jarrera horren froga. Bost minutuko iraupena du kantuak, eta hirugarren minutu eta 29. segundotik aurrera bakarrik sartzen da ahotsa.

Hitzen 'kortozirkuitua'

«Bestela ere diskorik diskora denbora hartzen dugu», azaldu du Izetak, «baina konfinamenduarekin denbora gehiago izan genuen, eta proba batzuk egiten hasi ginen. Hasieran, ideiarik ere ez geneukan nola egin nahi genuen, baina nahiko era naturalean atera zen, eta ikusi genuen beste instrumentu bat gehiago izan behar zuela; eta ikasteko asko dugunez, hauxe egin dugu: lehenengo, ahots asko jarri, eta, gero, kendu, emaitza ahalik eta minimalistena izateko. Ahotsak puntu batzuetan zerbait gehitu behar zuela iruditzen zitzaigun, eta, bestela, tresnek izan behar zutela garrantzia, Sofa halakoa delako».

Erreportajea osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide