Sei urte geroago, Gorka Aranberriren Urdaibai nagusitu da Kontxan. Bermeotarrak ziren bandera irabazteko faborito nagusiak gizonezkoetan, eta ez dute hutsik egin. Zazpi segundoko aldearekin lehiatu dira ohorezko txandan, Donostiarra, Hondarribia eta Getariarekin, eta lehen igandeko nagusitasun berarekin irabazi dute gaurkoan ere.
Hondarribia zen Urdaibairen aurkari zuzenena, baina berehalakoan geratu da atzean. Donostiarrak ziaboga bitartean aurretik baziren ere, poparean bizkaitarrak aurretik jarri dira eta nahieran irabazi dute estropada, eta ondorioz bandera.
Gisa horretan, Gorka Aranberri patroi zarauztarrak bere zazpigarren Kontxako Bandera erdietsi du, eta lorpen gehien duten patroien sailkapen historikoan bigarren postuan kokatu da, Aita Manuel pasaitarraren atzetik garaipen bakar batera. Zenbakiok "bertigoa" ematen dutela adierazi dio ETBri Aranberrik, eta urduri antzera ere ibili dela bezperan, baina gaurko estropadan asko gozatu duela.