Egiei argi egiteko lehen pausoa

Maria Ortega/Gipuzkoako Hitza 2022ko irailaren 10a

Joxe Benito Mujika 'Xenki' eta Mikel Martinez de Murgia 'Murgi'.

Joxe Benito Mujika ‘Xenki’ etakide zarauztarra exekutatu egin zutela berretsi du Jaurlaritzak. Izaskun Mujika arrebak "aho zabalik" hartu du albistea, eta dio kasu gehiago argitzeko balioko duela. Gipuzkoako Hitza harekin izan da, eta gaiaren inguruko erreportajea argitaratu zuen atzo.

Aurreko astean egin zen publiko albistea: ETAko militante Joxe Benito Mujika Xenki zarauztarra eta Mikel Martinez de Murgia Murgi sopuertarra (Bizkaia) exekutatu egin zituztela ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzak. Zortzi urteko ikerketaren ondoren heldu da aitortza, eta Xenkiren arreba Izaskun Mujikak esan du “aho zabalik” gelditu zirela exekutatu egin zutela aitortu dutenean: “Sinestezina da. Bazen garaia”. Erabakia ospatu egin dute etxean, eta esker oneko agertu dira Egiari Zor fundazioari, eta ikerketa bultzatu duten Lekeitioko Udalari eta Jaurlaritzari. Baina anaiarena lehen pauso bat baino ez dela argi du Mujikak, eta bide horretan jarraitu behar dutela: “Izugarrizko pausoa da. Baina zenbat dauden horrela… Oraindik lan pila bat geratzen da egiteko. Ea pixkanaka lortzen dugun”.

Aurten bete dira 50 urte Xenki eta Murgi Lekeition (Bizkaia) hil zituztenetik, eta urteurrenarekin batera heldu da Jaurlaritzaren aitortza. Ekainean izan zuten horren berri, Jaurlaritzako ikerketa batzordeak 46 biktimen zerrenda egin zuenean; horien artean sei hildako zeuden. Biktimen izenak, datuak babesteko legearen ondorioz pribatuak baziren ere, zarauztarrarena eta Murgirena publiko egitea erabaki zuen Egiari Zor fundazioak. Fundazioak jakinarazi du txostenak argi erakusten duela ordura arteko bertsio ofiziala ez zela egia —tiroketa batean hil zituztela—, eta Guardia Zibilak hil zituela. Datu horiek publiko egitearen garrantzia azpimarratu du Mujikak, uste baitu kasua jakinarazteak etorkizuneko biktimen aitortzan lagun dezakeela.

Hain zuzen ere, esan du antzeko egoera bizi izan dutenek beregana jo dutela dagoeneko prozesuaz galdetzeko. Ez da prozesu azkarra izan: 2016an Lekeitioko Udalak Gogora institutuari eskatu zion ikertu zezala gertatutakoa. “Mahai inguru bat egin genuen Lekeition, eta udalari eskatu genion mugitzen hasteko”, dio Mujikak. “Zarauzko Udalak ere eskatu zuen ikerketa hori, plenoak onartu zuelako anaia biktima zela”. Ordutik, Jaurlaritzaren esku egon da ikerketa, eta prozesua ez da “goxoa” izan: “Ikerketak oztopo izugarriak izan dituela dakit, txostena egin dutenek esanda”. Txostenak jasotzen dituen 46 biktimen izenak publiko egin ez diren arren, apurka-apurka jakiten joango direla uste du Mujikak, ingurukoek jakinaraziko dituztelako.

Gaiaren inguruan sekulako isiltasuna dagoela dio. Egoera ulertzen duela onartu du, jende asko beldurrez dagoelako. “Jende asko oraindik isilik dago, torturekin bezala: batzuek hitz egin dugu, baina beste askok, ez. Oso zaila da”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide