Euskal Astea 2022

"Karrozaren izarra balea bat da, bera baita oinarria"

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 8a, 09:30

Jose Luis Lasa eskultorea, karrozako piezaren aurrean. (Aritz Mutiozabal)

Aspaldiko partez karroza handi bat irtengo da kalera Euskal Jai Egunean. Jose Luis Lasa (Zarautz, 1943) eskultoreak ekoitzi du, eta Zarauzko balea arrantzaleei egin nahi izan die omenaldia.

Aspaldiko partez karroza handi bat ikusteko aukera izango da Euskal Jai Egunean. Nola sortu zaizu erronka honi heltzeko asmoa?
Gogo pixka bat sortu nahi dut herrian, azken urteetan gainbehera izan dutelako. Garai batean karroza egiteko zaletasun handia zegoen Euskal Jai Egunean, baina boladak izan dira gutxi egin zirenak eta azken urteetan ez da atera. Nire asmoa da herrian giroa sortzea, eta ohitura zaharra berreskuratzea. Dagoeneko nik 79 urte ditut, eta jarraitzeko asmoa dudan arren, gustatuko litzaidake aurrera begira herritarrak ere animatuko balira.

Faltan botatzen al dituzu garai bateko karroza haiek?
Asko! 14 urtez geroztik kuadrilla artean egiten genituen karrozak. Julian Ugarte pintoreak eta gaur egun desagertuta dauden beste zarauztar entzutetsu batzuk karrozak egiten zituzten La Salle zaharrean, eta haiek nola egiten zituzten ikusten genuen; haien aurrekoek ere egiten zituzten. Belaunaldiz belaunaldi iraun duen ohitura izan da karrozena, eta garairik onenean zazpi karroza ere aurkeztu izan ziren Euskal Jai Egunean.

Nik lana zela eta, karrozak egiteari utzi nion denbora luzez, baina gogo hori jubilatu ondoren berreskuratu nuen. Hala, bospasei karroza egin ditut orain artean: txistua, alboka, trikitia, dultzaina... Sasoi hartan musikako instrumentuak egin nituen. Karrozarako izan ez bazen ere, Surflarien omenez eskultura egin nuen, malekoian jarrita dagoena, Letamendia-Azpiroz familia omentzeko [munduko surf txapelketa herrian antolatu zuteneko 30. urtemugarako egina]. 

Hor jada itsasoa agertzen da.
Izpiritua hor azaltzen da, bai.  Zarautzen herrikoiak diren istorioak nahi ditut aztertu eta gogora ekarri. Kasu honetan, Euskal Jai Egunerako karrozaren ideia buruan neukan: balea arrantzale zarauztarrei omenaldia egitea. Askok eta askok ezagutzen ez duten historia dago dokumentatuta Zarauzko baleazaleen inguruan, eta Selma Huxley historialari kanadarrak ongi jaso zuen hori guztia. Beraz, hori izango du ardatz aurkeztuko dudan karrozak: Euskal Herritik Ternuara egiten zuten arrantza bidaia irudikatzen du, hain zuzen ere. Balearen urdaila labeetan urtzen zuten han, olio bihurtuz, eta barriketan beteta Europa osoan banatzen zuten ondoren, argiztapenerako produktu preziatua zelako.



Baina karrozan indar gehiena duena alderik alde zeharkatzen duen balearen irudia da.

Hori da! Karrozaren izarra balea handia da, zalantzarik gabe. Horrek ordezkatzen du guztia, kontatu nahi dudanaren oinarria. Gainera, eskulturaren tratamendua eman diot: horrek erakusten du indarra eta egia. Ikaragarria da nola mugitzen diren horrenbeste tona dituzten zetazeo hauek, eta ur azpitik ateratzerakoan erakusten duten indarra irudikatu nahi izan dut nire lanean.

Karrozan aterako duzue kalera, baina argi dago ekoitzi duzuna eskultura bat dela.
Bai, bai, nik tratamendu hori eman diot lanari. Nik beste modu batera ekoitzi nezakeen; hau da, arinago edo errazago. baina eskultura ikuspegia eman diot, eta emaitza ere halakoa izan da.

Euskal Jai Egunean, karroza kalera ateratzen duzunean, jendeak nola erantzungo duela iruditzen zaizu?
Nik uste dut erantzun ona izango duela; apaltasun guztiarekin diot. Orain arte ikusi dutenek eta lanketa honetan parte hartu dutenek indar handia duela esan didate, gustatu zaie. Niri horrek poz handia eman dit, izan ere, horretan saiatu naiz. Edonola ere, herritarrek beraiek atera beharko dituzte beraien ondorioak.

Plataforma handi baten gainean joango da eskultura; sei metro pasatxoko kamioneta batean. Dena itsas arrantza sarez atonduta joango da, eta oso ikusgarria izango da. Karroza umez bete nahiko nuke, gainera. Eskailera bat jarriko dut, jendea gora erraz igo eta jaitsi dadin.

Indarra, eta karroza beraren ikusgarritasuna, ezta?
Hori da! Gainera, asmoa zen karrozaren istorioaren eta ardatzaren inguruko eskuorriak ateratzea eta jendearen artean banatzea. Artea, eskultura bera, begiekin ikusiko dugu, baina ikusten ez dena da historia bera. Tamalez, ez dut astirik izan hori aurrera eramateko, eta hori geratu zait zintzilik. Alegia, zergatik ekoitzi dudan eskultura hau azaltzea.

Zuk proposatu zenion udalari karroza egiteko proiektua ala alderantziz, udalak proposatu zizun?
Nik proposatu nion. Beti egin izan dut horrela, aurreko karrozekin ere bai. Aurrena maketa txiki bat egin nuen, eta Zarauzko Udalari erakutsi nionean ez zuen dudarik eduki. Baina hasierako maketak baditu ezberdintasun txiki batzuk karrozan erakutsiko dudanarekin; zehazki, maketan Zarauzko itsas gizonen hamalau izen daude –Roke Etxabe eta Matias Etxebeste, tartean–, eskulturan jarri ahal ezin izan ditudanak. Ekoitzi dudan lanean itsasoaren zimurrak jarri ditut, eta ezinezkoa egin zait marinelen izenak aipatzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide