Iñurritzako autobus geltokian bizikletentzako aparkalekuak jartzeko eskaera egin du Kalapie elkarteak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 7a, 13:30

Obrak direla-eta kendutako aparkalekuen ordez jarritakoak ez direla nahikoa dio Kalapie elkarteak, eta horien premia azpimarratu du.

Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak eskatu du berriro jar daitezela Iñurritzako tren geralekuaren inguruko bizikletentzako aparkalekuak. Elkarteak azaldu duenez, tren geralekuan obra egiten hasi zirenean kendu egin zituzten bertan zeuden bizikletentzako aparkalekuak. Inguruan beste aparkaleku batzuk jarri bazituzten ere, Kalapieren arabera, "ez dira nahikoa". Suhiltzaileen Biribilgunean geltokia duten eta geltokiraino bizikletaz joaten diren autobusen erabiltzaileei ematen zieten zerbitzua aparkaleku horiek, gaineratu dutenez. 

Uztailera arte, neurri batean, Mitxelena kaleko arkupeetan aparkatzeko aukerarekin arazoa konpontzen bazen ere, "obren garapenarekin aukera hori ez dago dagoeneko", eta abuztuan aparkalekuak beteta egon direla jakinarazi du elkarteak. Obrek urtebete inguru iraungo dute, eta ikasturtea hastearekin batera autobus geltokiaren erabiltzaile kopurua igo egingo denez, aparkalekuen premia handiagoa izango dela aurreikus daiteke.

"Intermodalitateak bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko duen garrantzia" azpimarratu du Kalapiek. "Konbinazioa erraza eta erosoa ez bada, erabiltzaileek garraio pribatua gehiago erabiltzeko joera izango dute", gaineratu du elkarteak. Suhiltzaileen estazioa herriko gune nagusitik "urrun samar" dagoenez, bizikleta bertara azkar eta eroso heltzeko garraio egokia dela ere azaldu du baina, autobusaren eta bien arteko konbinaketarako, bizikleten aparkalekuak "funtsezkoak" direla esan dute. "Uste dugu geltoki nagusien ondoan aparkaleku on bat egitea funtsezkoa dela udalerrian bizikleta eta garraio publikoa sustatzeko, eta udalari eskatzen diogu ahalik eta lasterren jardun dezala, urte honetan zehar herritarren artean ohitura negatiborik har ez dadin", amaitu du elkarteak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide