Udako oporraldia bukatuta, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak aurki ekingo die asteroko ibilaldi osasungarriei. Herritar guztientzako irekitako jarduera izango da, eta Zarautzen, astelehenero 10:00etan elkartuko dira elkarteak herrian duen egoitzaren parean; Balea kaleko bigarren zenbakian, hain zuzen. Ordu eta erdi inguruko saioak izango dira, eta saio bakoitzean bost kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek.
Jardueraren helburua da herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzea, minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten laguntzeko. Egitasmoan parte hartzea doakoa da, eta edonork parte har dezake.
Parte hartu nahi dutenek, 943-45 77 22 telefono zenbakira dei dezakete, gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzi, edota zuzenean jarritako hitzordura azaldu.
Erretzeari uzteko terapia
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloak erretzeari uzteko doako talde terapia zerbitzua ere eskaintzen du, eta irailean ere taldea martxan jarriko du. Psikologo aditu batek gidatzen du terapia hori, zortzi aste irauten ditu, eta antolatzaileek azaldu dutenez, %60ko arrakasta tasa du. Terapia online edo aurrez aurrekoa izan daiteke.
Erretzeari uzteko terapian izena emateko azken eguna hilaren 11 izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzita.