Udalak eskatuta, hurrengo bost urteetarako Zarauzko Mugikortasun Plana izango dena idazten aritu da hilabeteotan Ingartek enpresa. Proiektua onartzeko bidean bada ere, udalak parte hartze prozesua jarri du abian azken asteetan, eta gaur emango du amaitutzat.
Alde batetik, abuztuaren 24an plana aurkezteko bilera egin zuten Etxezabalan. Bestetik, herritarren partaidetzarako plataformaren bidez –Zarauzko Udaleko web orriko Parte Hartu atalean–, beraien proposamenak egiteko aukera izan dute; bihar bukatuko da horretarako aukera.
Iker Basurko Mugikortasuneko zinegotziak egitasmoan parte hartzera eta ekarpenak egitera animatu zituen herritarrak, plana «oso garrantzitsua» delako: «Badakigu abuztua ez dela hilabeterik onena Plana ezagutzera emateko, baina Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak egindako dirulaguntza deialdiak –Zarautzek ia milioi bat euro lor ditzake– ahalegin bat egitea merezi du. Izan ere, Plana irailean onartu behar da laguntza hori jasotzeko».