Ostiral honetan irailaren 2an, 50 urte beteko dira ETAko kide Joxe Benito Mujika Xenki zarauztarra eta Mikel Martinez de Murgia Murgi hil zituztela Lekeition. Bertsio ofizialaren arabera, tiroketa batean garbitu zituzten, baina Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa batek frogatu du Guardia Zibilak hil zituela.
Urte askoan kasua isilpean egon ondoren, Lekeitioko Udalak 2016ko urrian Gogora institutuari eskatu zion ikerketa bat zabaldu zezala gertatutakoaren gaineko egia azaleratzeko. Bi urte geroago, hildakoen senideek eta Egiari Zor fundazioak Jaurlaritzari errekurtsoa aurkeztu zioten.
Azterketa luze baten ondoren, joan den ekainean iritsi zitzaien balorazio batzordearen ebazpena: bertan, Mujika eta Martinez de Murgia «exekuzio arbitrarioaren biktima» ofizialtzat aitortzen dira, eta adierazten da bizitzeko eskubidea urratu ziela Guardia Zibilak.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ebazpena ez duela Gobernu Kontseiluak igorri, horretarako ardura duen balorazio batzordeak baino; erabakia errespetatzen duela adierazi du.
Hildakoak omentzeko ekitaldi bat antolatu du ostiralerako Egiari Zor fundazioak Lekeition, 19:00etan, Egia jakiteko garaia da lelopean.