Emakumeei zuzendutako triatloi topaketa antolatu dute iganderako

Aritz Mutiozabal 2022ko abuztuaren 29a

Triatloia Maite Dut egitasmoko topaketetako bat. (Triatloia Maite Dut)

Doakoa da izen ematea, baina horretarako formulario bat bete behar da hilaren 31 baino lehen. Topaketan Bikote Mistoen Triatloi Herrikoiaren ibilbidea osatuko dute.

Emakumeok Mugimenduan ekimenarekin bat eginez, Triatloia Maite Dut egitasmoko kideek emakumeei zuzendutako triatloi topaketa antolatu du igande goizerako. Ainhoa Murua triatleta olinpikoaren eta goi mailako igerilari izandako Adriana Campoyren gidaritzapean, triatloia zer den zuzenean bizitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.  

Helburua da super sprint distantziako triatloi baten antzerako zirkuitu bat osatzea –350 metro igerian, 7.000 metro bizikletan eta 2.250 metro korrika-, parte hartze guztiak elkarrekin eta beharrezko geldialdiak eginez. Alegia, urriaren 8an Zarautzen egingo den Bikote Mistoen Triatloi Herrikoiaren ibilbidea.  

Parte hartzea irekia da, eta izen ematea doakoa; hilaren 31a baino lehen honako formularioa bete behar da horretarako. Topaketak bi ordu iraungo ditu, 09:00etatik 11:00etara, baina 08:45etarako Munoa plazara gerturatzea aholkatu dute antolatzaileek. Ekarri beharreko materiala, berriz, ondorengoa: igeriketako materiala (bainujantzia, igeriketako betaurrekoak...), bizikletako materiala (bizikleta, kaskoa, bizikletako oinetakoak...); zulatua konpontzeko materiala (kamara, pintzak, puzgailua…); korrika egiteko arropa egokia; eta ura.  

Antolatzaileen esanetan, "aukera paregabea da kirol polit honetan hasi nahi duen edonorentzat eta batez ere irailaren 10ean Zumaiako triatloi herrikoian parte hartu nahi duenarentzat edo eta lehen aipatutako Zarauzko Bikote Mistoen triatloi herrikoian izena eman dutenentzat".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide