Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman dizkie abuztuko lehen asteburuan herrian egindako diru bilketan parte hartu zuten guztiei. Guztira, 4.335,25 euro lortu zituen, eta kopuru hori ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzeko eta paziente eta senideei laguntzeko programak egiteko bideratuko du. Era berean, gaixotasunaren prebentzioko eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango du.
Hainbat boluntariok hartu zuen parte abuztu hasierako jardunaldi solidarioan, herriko
hainbat tokitan banatuta. "Diru bilketa herritarrei elkartea hor dagoela eta pazienteei eta senideei laguntzeko lanean jarraitzen duela gogorarazteko aukera ematen duen ekimena da", nabarmendu du elkarteak.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoaren zerbitzu guztiak doakoak dira eta, beraz, halako ekimenak "ezinbestekoak" direla aditzera eman du horiek mantendu ahal izateko.