Euren artean zerikusirik ez duten 30 obra inguru elkarren ondoan jarri eta batzen dituen puntu amankomuna bilatu die Jose Ramon Amondarain artistak. Fernando Garate eta Estrella Gomara arte bildumagileen Modus Vivendi bildumako artelanak dira denak. Amondarain bera komisario dela, honela izendatu dute erakusketa: Mysterion. Artea ez dago espero den lekuan. Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumeko hormak izango dira lan horien guztien erakusleiho urriaren 2ra bitarte.
Nazioarteko 27 artista biltzen ditu erakusketak: Wolfgang Tillmans, Juan Luis Moraza, Txomin Badiola, Thomas Ruff, Paul M. Smith, Juan Usle, Vasco Araujo, Roland Fischer, Unai San Martin, Richard Pare, Shirin Neshat, Dario Urzai, John Baldessari, Georges Rousse, Alberto Garcia-Alix, Jose Ramon Amondarain, Sergio Prego, Leandro Feal, Carlos Irijalba, Ibon Mainar, Miguel Rio Branco, June Crespo, Andres Serrano, Per Barclay, Nan Goldin, Ian Wallace eta Jorg Sasse. Euren ibilbidean, argazkigintza erabili izan dute gehienek beste alor batzuetan esperimentatzeko, hala nola pinturan, arkitekturan eta idazketan.
Amondarainen hitzetan, obren hautaketak ez dio diskurtso egitura jakin bati erantzuten. Aldiz, piezak elkarren ondoan jartzeak nolabaiteko lotura formal bat ematen die. «Horregatik, artelan bakoitzak den edo izatera iritsi nahi zuen hori izateari uzten dio erakusketa honetan». Are, gaineratu du lan bakoitzak erakusketa osoari gehitzen zaion ezkutuko zati bat erakusten duela; obra bakoitzak berez ez duen zerbait, alegia.
Nabarmendu du obrek eta haien arteko harremanek, egileen garrantziaz haratago, Rupert Sheldrakek «erresonantzia morfikoa» deritzona gorpuzten dutela eta memoria kolektiboaren printzipioari erreparatzen diotela. «Talde bakoitzak bere historia du, zeinak kide guztiak lotzen dituen eta sarbidea duten». Horrela, «egileen arteko iragarri ezinezko elkarrizketak eta ustekabeko ahaidetasunak osatzen dute erakusketa».