Euskal Astea 2022

Aner Peritz nagusitu da Bertsolari Gazteen Sariko lehen kanporaketan

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 26a, 10:30

Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko lehen kanporaketan parte hartu zuen zortzikoa. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauztarra zuzenean sailkatu da finalera. Bigarren kanporaketa gaur gauean jokatuko da atzoko toki eta ordu berean; Musika Eskolako aretoan, 22:00etan.

Atzo gauean jokatu zen Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko lehen kanporaketa saioa, eta Aner Peritz izan zen irabazlea, 217 punturekin. Gainerako zazpi bertsolariekin alderatuta, askoz puntu gehiago lortu zuen zarauztarrak. Gorka Pagonabarraga duragarra gerturatu zitzaion gehien, 208,5 punturekin; beste parte hartzaileak 200 puntutik behera geratu ziren. 

Saioa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatzen da irailaren 2an Modelo aretoan jokatuko den finalerako, eta gainerako lau txartelak, berriz, bi egunetan puntuazio gehien lortzen duten lau bertsolarientzat izango dira.

Gaur, bigarren kanporaketaren txanda izango da; Musika Eskolako aretoan izango da saioa, 22:00etan, doako sarrerarekin. Oholtzara igoko diren bertsolariak honako hauek izango dira: Naia Arrizabalaga (Azkoitia), Aitor Tatiegi (Oñati, Gipuzkoa), Andoni Rekondo (Hernani, Gipuzkoa), Irati Alcantarilla (Urruña, Lapurdi), Libe Goenaga (Getaria), Ane Beloki (Legazpi, Gipuzkoa), Oier Etxeberria (Azpeitia) eta Xabat Illarregi (Leitza, Nafarroa).
 

Lehen kanporaketako sailkapena
  1. Aner Peritz  217 puntu
  2. Gorka Pagonabarraga  208'5 puntu
  3. Haizea Arana  194'5 puntu
  4. Peru Abarrategi  194 puntu
  5. Aimar Sorazu  186'5 puntu
  6. Idoia Granizo  176 puntu
  7. Enare Muniategi  175'5 puntu
  8. Ekain Tolaretxipi  162 puntu

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide