Arranopolako saio berri bat izango da gaur arratsaldean, eta oraingo honetan Beasaingo Gilda taldeak joko du Arrano taberna aurreko oholtza gainean, 20:00etatik aurrera. Amagoia Aiestaran (baxua eta ahotsa), Anabel Toral (gitarra eta ahotsak) eta Maialen Aiestaranek (bateria eta ahotsak) osatzen dute hirukotea, eta aurten kaleratutako Egin albora lehen diskoa zuzenean aurkeztuko du.
Abestietan feminismoa eta emakumearen ikuspuntua dute ardatz, egunerokotasunean gertatzen direnak naturaltasunez jorratuz. Soinu melodikoen eta punk ikutuen nahasketa egiten dute, irudi gordin eta, era berean, atsegin bat sortuz.
Hasiera batean, Gildaren emanaldiarekin bukatzeko asmoa zuten zikloa, baina Arranopolako kideek jakinarazi dutenez, udako denboraldia astebetez luzatuko dute. Beraz, irailaren 1ean beste kontzertubat izango da Musika Plazan. Edonola ere, ez dute iragarri nork hartuko duen parte.