Krisi klimatikoa aire girotuarekin eta zerbeza hotza edanda konponduko dugula iruditzen zaigun garaiotan, eraitsi digute tren geltoki zaharra, trenbidea zabaldu abiadura handiko trena pasatzeko moduan, etxe bloke erraldoiak eraiki eta hitz eman Azken portuko zuhaitz gune eta arnasgune bakarrean ere etxeak egingo dituztela: Azken Portu goian. Herri sarreran Inurritza-berri eraikiko digu Amenabarrek (Zarautz: un hogar a orillas del Cantabrico) hotel bat eta eraikin sorta bat jarrita, Monopolyra jolasten segi dezagun. Diferentzia bakarrarekin: irteeratik pasatzean ez dugu limosnarik jasoko. Gero Zarautz 2030ean nolakoa irudikatu nahi dugun galdetuko digute. Zertan lagunduko dugu dena ongi doala esaten bazaigu?
Zarama - Dena ongi dabil
Eta zer nahi duzue esatea? Nire herriko kaleetan barrena nabilela gero eta arrotzagoa zait dena, gero eta abstraktuagoa herritartasuna, komunitatea, zarauztartasuna. Borghettoko eremuan eraikitako fitness gunea bezala: beste plaza ikusgarri bat gizonezko gihartsu eta depilatuentzako. Zarauztarrak binan bina eta eskuak patrikan kantatzen zuen Manolo Urbietak. Banan bana gabiltza orain, eskuak iphonetan. Nola kantatuko dugu aurrerantzean Ene Zarautz maite?
Zarautz Abesbatza - Ene Zarautz maite (Basarri)
Gure herriak gero eta antz handiagoa du Abentura Badiarena. Badia hori ederki ezagutzen dugu umeak inguruan ditugunok: beti egiten du eguraldi eguzkitsua bertan eta Humdinger izeneko alkatea dute, gutxi gorabehera, gure herrian bezala. Jende eta egoera oso gaiztoak sortzen dira beti, baina lasai, txakurkumeek konpontzen dituzte zailtasun guztiak. Hori ere, gutxi gorabehera, gure herrian bezala.
Patrulla Canina telesailaren abestia
Bitartean, bestelako herri bat nahiko genukeenak bakoitza bere bidetik eta haserretuta, umeak zaputzean bezala, festetan ere elkarrekin mozkortzeko kapazitaterik gabe. Intxorta horregatik ere galdu genuen. Eta berreskuratzea inoiz baino konplikatuagoa dago. Joseba Tapiaren diskoa osorik elkarrekin entzun beharko genuke talde-terapia egiteko.
Joseba Tapia - Len amar lagun giñan etxean
Eta listo. Bosgarren bala hemen. Autoan, etxean edo kaskotan bolumena ondo igota entzun beharrekoa. Ahal dela binaka (edo bosnaka edo ehundaka) eta eskuak patrikan. Aurtengo uda beroegia freskatzeko ez dut modu hoberik aurkitu.
Xabier Lete - Gizon arruntaren koplak