Mugikortasun Planaren parte hartze prozesua abiarazi du udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko abuztuaren 22a

Iker Basurko Mugikortasuneko zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Herritarrek irailaren 2a bitartean egin ditzakete ekarpenak Zarauzko Udalaren web orrian. Era berean, planaren aurkezpen bilera egongo dute etzi eguerdian, Etxezabalan; bertaratzeko aurrez eman behar da izena.

Udalak eskatuta, hurrengo bost urteetarako Zarauzko Mugikortasun Plana izango dena idazten aritu da hilabeteotan Ingartek enpresa: Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana, hain zuzen ere. Proiektua onartzeko bidean bada ere, udalak herritarrei aurkeztu nahi die aurretik eta haien ekarpenak jaso nahi ditu. Horretarako parte hartze prozesua jarri du abian, bi egitasmoarekin.

Alde batetik, Zarauzko Udalaren webgunean har dezakete parte zarauztarrek, herritarren partaidetzarako plataformaren bidez (Parte Hartu atalean) beraien proposamenak eginez, irailaren 2ra arte. Bestetik, asteazken honetan, abuztuaren 24an, planaren aurkezpena egingo dute udaletxeko Etxezabala aretoan (Kale Nagusia 29). Aurkezpenera joan nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, 943-00 51 59 telefono zenbakira deituta edo partehartu@zarautz.eus posta elektronikora idatzita.

Iker Basurko Mugikortasuneko zinegotziak egitasmoan parte hartzera eta ekarpenak egitera animatu nahi ditu herritarrak, plana "oso garrantzitsua" delako, eta Energia Plana edo Zarautz 2030 bezalakoekin parekatu ditu. "Etorkizuneko Zarautz guztion artean eraiki behar dugu, eta urrats hauek garrantzitsuak dira. Badakigu abuztua ez dela hilabeterik onena Plana ezagutzera emateko, baina MITMAk (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak) egindako dirulaguntza deialdiak (Zarautzek ia milioi bat euro lor ditzake) ahalegin bat egitea merezi du. Izan ere, Plana irailean onartu behar da laguntza hori jasotzeko", nabarmendu du zinegotziak.

"Plan honek bost urteko indarraldia izango du, eta, horren ondoren, lortutako emaitzen ebaluazioa egin beharko da, eta helburuen eta neurrien aldaketa bati ekin beharko zaio, jasangarritasun energetikoari buruzko legearen beraren arabera", zehaztu du Basurkok. "Zarauzko Udala Euskadiko lehen udaletakoa izan zen duela hilabete batzuk Udal Energia Plana onartzen, eta laster onartuko da Zarautz 2030 Plan Estrategikoa, hilabete batzuetako lan parte hartzailearen ondoren", gaineratu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide