Zarautz Gesalaga Okelango neskek bosgarren egin dute Bilbon, eta mutilek bederatzigarren

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 21a, 17:15

Zarautz Gesalaga Okelan Bilbon. (ZAE)

Erlojupeko estropada jokatu dute eguerdian ETE eta KAE 1 ligako traineruek Ibaizabal ibaian. Emakumezkoetan, etxeko trainerua izan da nagusi, Deusto; gizonezkoetan, berriz, Arkote.

KAE 1 ligako azken jardunaldia jokatu dute gaur Bilboko uretan, eta San Pedro izan da txapeldun, nahiz eta jardunaldiko garailea Arkote izan den eta beretzako izan den bandera. Erlojupekoaren aurka jokatu dute estropada, bi multzotan banatuta: Zarautz Gesalaga Okelan bigarren taldean aritu da, lehen sailkatuekin batera; Delteco Zumaia, berriz, lehenengoan. Emaitza, ordea, bestelakoa izan da: Zarautz bederatzigarren sailkatu da, eta Zumaiak saio txukuna eginez, hirugarren egin du; Pedreña geratu da bigarren. Orio Orialkiko bigarren taldeak 11. bukatu du, Camargoaren aurretik.

Sailkapen orokorrari begira, Sanpedrotarra da ligako irabazlea, eta Zarautzek bosgarren bukatu du, Zumaiak zortzigarren, eta Oriok hamabigarren. Datorren astean KAE 1 ligara igotzeko play-off kanporaketekin hasiko dira.

"Lehia gogorra, baina gustura"

Emakumezkoen Ane Aizpururen Oroimenezko II. Estropada jokatu dute. Hauek ere erlojupeko proban, baina denak txanda berean irtenda. Deusto izan da da garaile, etxeko taldea, alegia. Zarautzek bosgarren bukatu du, laugarren izan den Hernanirekin ia berdinduta; seigarren izan da Zumaia, haiengandik segundo batera.

 

Sailkapen nagusian Hondarribiak jarraitzen du buru, eta Zarautz seigarrena da; Zumaia, berriz, laugarrena. Abuztuaren 28an bukatuko da liga, Erandioko Banderarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide