Zarautz Arraun Elkartearen XIII. Bandera izan da gaur jokoan 11:30etik aurrera, eta Sanpedrotarrak eskuratu du garaipena –eta baita KAE1 liga ere–. Castro izan da bigarren, eta Hondarribia, hirugarren.
Etxekoek, ZAEko gizonezkoek, seigarren egin dute, zazpi puntu baliotsu eskuratuz, eta sailkapen nagusian bosgarren jarraitzen dute, tinko. Dena den, Castrok koska bat egin du gora gaurko puntuei esker, eta zarauztarrengandik bost puntutara gelditu da. Ea bihar Bilboko erlojupekoan zer egiten duten bi taldeek.
Izan ere, bihar bertan amaituko da liga, eta ondoren, play-offak baino ez dira faltako. Hilaren 27an eta 28an jokatuko dira horiek, Kantabrian (Espainia).