Photomuseumek omenaldi hunkigarria egin dio Ramon Serrasi

Aritz Mutiozabal 2022ko abuztuaren 20a

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguneko ohiko ekitaldia egin zuen atzo eguerdian Photomuseumek, baina aurtengoa ezberdina izan zen. Ramon Serras argazkilaria eta Zarauzko argazki museoaren sortzaileetako bat izan zena omendu nahi izan zuen. Hori horrela, bere figurak protagonismo berezia izan zuen uneoro, eta familiako kideek esker onez eta hunkituta jaso zuten harenganako aitortza.

Daguerreren monumentuaren aurreko lore-eskaintzarekin ekin zioten ekitaldiari, 11:30 aldera. Serrasen alargun Celina Gorostizagoiza eta biloba Itsaso Serras arduratu ziren loreak eramateaz, herriko txistularien doinupean. Ondoren, Xabier Etxabek agurra dantzatu du bertaratutakoen aurrean, baina batik bat haren familiaren aurrean.

Argazkilariaren lagun eta gertuko ugari bertaratu zen museoaren atarira; tartean, Photomosumeko sustatzaile eta kide izan zuen Leopoldo Zugaza eta haren seme eta Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari Miguel Zugaza. Bertan izan ziren, era berean, Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta Kultura zinegotzia.

Ondoren, Photomuseumek argitaratu berri duen Serras. Argazkiak - Fotografías katalogoa aurkeztuko zuten erakusketa aretoan. Aurretik, ordea, argazkilari zarauztarra agertzen zen hainbat argazki osatutako proiekzio bat eskaini zuten, eta, jarraian, Xabier Etxabek gidatuta,
Felix Zubiak espresuki Serrasi eskainitako bertsoak abestu zituzten. 

Ekitaldia borobiltzeko katalogoa aurkeztuko zuten. Liburua hainbat egileren artean ondu dute, eta horietako batzuk hartu zuten parte saioan, hala nola Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidente ohi Isabel Agirretxe, Pio Guerendiain argazkilari nafarra, Aranzadi elkarteko kide Joxepo Teres eta arestian aipatu Miguel Zugaza. Guztiak Serrasen lagunak izanik, harekin bizitako pasarteak eta ikasitakoak partekatu zituzten solasaldian.

Honakoa ez da Photomuseumek urte honetan Ramon Serrasi egiten dio lehen omenaldia. Izan ere, aurtengo Argazki Bilera erabat monografikoa izan da argazkilari zarauztarrari eskainia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide