Giro ederra jarri du Esne Beltzak

Aritz Mutiozabal 2022ko abuztuaren 19a

Esne Beltza malekoian (Esne Beltza)

Eguraldia kili-kolo ibili zen egun osoan, eta bazirudien bezperakoa gertatuko zela; hau da, Zetak taldearen emanaldia bezala, Esne Beltzarena ere bertan behera geratuko zela. Baina iluntze aldera atertu egin zuen, eta Xabi Solanoren taldeak inolako arazorik gabe eskaini zuen bere musika emanaldia.

Sekulako giroa jarri zuten, eta bertaratu ziren zaleek gogotik gozatu zuten kontzertuarekin. Esne Beltzakoak ere dena ematera igo ziren agertokira... baita publikora jaitsi ere. Izan ere, ikusleen erdian aritu ziren jotzen une batez.

Aste Nagusiko kontzertu emanaldiak gaur bukatuko dira, Valladolideko Celtas Cortos beteranoaren saioarekin. Honakoa ez da Jesus Cifuentesek gidatzen duen taldeak herrian jotzen duen lehen aldia; 2008an Iñurritzan eskaini zuten kontzertua. Oraingoan, malekoian ariko dira, 23:00etatik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide