Abestia hil nahi izanez gero, iratzargailu modura jartzen duen horietakoa naiz; txistuka jardun gabe dutxatzen ez dakienetakoa. Kantu askokorekin obsesio puntu bat edukitzeraino heldu izan naiz, eta enegarren entzunaldian gehiago ez ipintzeko agindua ematen diot neure buruari. Izan ere, ba al dago urte askoren ostean ahaztutako doinu kutuna entzutea baino plazer handiagorik? Berrartzearen jolas horretatik sortu dut nire Top 5a, eta ustekabean haurtzaroraino eraman nau.
- Imanol Urbieta - Kalaberak
Nola ez, lehendabizi Imanol Urbietaren letrak datozkit burura. Hala ere, YouTuben entzuterakoan arrotzagoak egin zaizkidala aitortu behar dut, Txapas eta bera inguratzen duten haurren ahotsekin oroitzen baitut bere diskografia osoa. Horien artean Kalaberak zen gure ostiraletako hit handienetako bat. Akaso abesti horregatik utzi genuen eztarria lehen aldiz.
- Berri Txarrak - Jainko ateoa
Halako batean, ordea, DBHra heldu ginen; haurrentzako musika uzteaz batera, derrigorra zen gurasoena lasaiegia zein aspergarriegia iruditzea. Gogoan dut kuadrillako lagun batek bilakatu ninduela BTXren zale, eta, noski, adin horretan eduki beharreko fanatismo mailarekin babesten nituen nire Jainko Ateoak.
- Anari - Ihia
Batxilergoa iritsi orduko ez nuen inorekin argazkirik atera nahi Durangoko Azokan (eskerrak). Bat-batean gurasoen musika aspergarriegi hura ez zitzaidan hain eskasa iruditzen. Etxekoon autoan betidanik entzun izan dugu Anari, baina ziur aski kasketa bat baino gehiago helduko nituen horren ordez Pirritx eta Porrotx jar zezaten; dena den, ez dakit zehazki zergatik dudan gogokoen Ihia. Nahiz eta arrazoia argi ez eduki, uste dut letrak eragina duela.
- Merina Gris - Saiatzen naiz
Urtebete atzera egin behar da abesti hau hautatu izana ulertzeko. Ordura arte pentsatzen nuen autotunea ez zitzaidala inoiz gustatuko. Entzun nuen lehen aldian arraro samarra iruditu zitzaidan arren, azkar bihurtu zen behin eta berriz aditzen nuen horietako bat.
- Ginger - Putzuzulo
Zerrenda ixteko iragan hurbilenera joko dugu. Duela egun gutxi amaitu ziren Azken Portuko jaiak. Bertan Ginger talde zarauztarraren kontzertuarekin disfrutatzeko aukera eduki genuen. Ondorioz, uste dut laster kantu hau debekatu beharko diodala neure buruari; hasieran esan bezala, noizbait berrartzearen plazera izateko.