Abuztuaren 25ean eta 26an izango dira Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketako kanporaketak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abuztuaren 14a

Iazko sariketan AbadiƱoko (Bizkaia) Txaber Altube izan zen txapeldun. (Amaia Urbieta Arruti)

Finala irailaren 2an izango da, ohi bezala, Euskal Astearen barruan. Kanporaketetan puntuaketa onena lortzen duten sei bertsolariak sailkatuko dira bertara. 

Abuztu amaieran jokatuko dituzte aurten ere Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko kanporaketak. Zehazki, hilaren 25ean eta 26an izango dira, ostegunez eta ostiralez.

Lehen kanporaketan, honako bertsolari hauek ariko dira kantari: Peru Abarrategi (Aramaio, Araba), Haizea Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa), Idoia Granizo (Altsasu, Nafarroa), Aimar Sorazu (Zarautz), Ekain Tolaretxipi (Hernani, Gipuzkoa), Gorka Pagonabarraga (Durango, Bizkaia), Aner Peritz (Zarautz) eta Enare Muniategi (Deustu, Bizkaia). 

Bigarren kanporaketan, berriz, honako hauek aterako dira oholtzara: Naia Arrizabalaga (Azkoitia), Aitor Tatiegi (Oñati, Gipuzkoa), Andoni Rekondo (Hernani, Gipuzkoa), Irati Alcantarilla (Urruña, Lapurdi), Libe Goenaga (Getaria), Ane Beloki (Legazpi, Gipuzkoa), Oier Etxeberria (Azpeitia) eta Xabat Illarregi (Leitza, Nafarroa). 

Gazteentzako sariketa izanagatik, maila handiko bertsolariak ariko dira sariketan. Besteak beste, Arabako txapelduna da Abarrategi, eta Bizkaiko eta Nafarroako finalean kantatu dute Pagonabarragak eta Illarregik. 

Bi kanporaketak Imanol Urbieta Musika Eskolako aretoan izango dira, 22:00etan, eta doako sarrera izango dute. Finala irailaren 2an jokatuko da, ohi bezala, Euskal Asteko ostiralean. Hori Modelo aretoan izango da, eta 3 euro balioko du sarrerak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide