SKAPA jaiak 2022

Aurrera doaz Azken Portuko festak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 12a, 11:00

Zumba saioa, herri kirol erakustaldia eta parrilako janaria dastatzeko aukera izan ziren atzo arratsaldean Azken Portun. Gaur jarraituko du festak, marmitako lehiaketarekin eta herri bazkariarekin.

Atzo, Santa Klara egunez, askotariko hitzorduak izan ziren Azken Portun, auzoko festen barruan.

Haurrak marrazkiak egiten jardun ziren goizean eta, arratsaldean, Yasmilka Rodriguezek dantzan ipini zituen txosnagunera hurreratutako guztiak. Horren ostean, Sagasti plazan herri kirol erakustaldi apartaz gozatzeko aukera izan zen. Izeta harri-jasotze eskolako kideen eskutik, denetariko kirolak ikusi ahal izan zituzten bertaratu zirenek: txinga eroatea, harri-jasotzea, lasto altxatzea, aizkora...

Bien bitartean, parrillan prestatutako saiheskia eta oilaskoa dastatzeko aukera ere izan zen plaza berean, jai batzordeko kide ohien eskutik.

Ordu batzuk geroago, Sega Sound Killers eta Ginger taldeek eta DJ Bonek girotu zuten gaua txosnagunean.

Gaur, auzo bazkaria

Gaurkoa ere ez da nolanahiko eguna izango Azken Portun. Goiztiarrenak dagoeneko hasiak izango dira marmitakorako barazkiak mozten, eta aurrerago, ehunka herritar bilduko dira Sagasti plazan, lehiaketara aurkeztutako marmitakoak herri bazkarian jateko.

Gauean bertso-saioa izango da plaza berean eta, ondoren, Fan&Go taldearen erromeriarekin luzatuko da gaua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide