ETE ligako jardunaldi bakarra izango da datorren asteburuan, eta Kantabrian jokatuko da, Castro Urdialesen hain zuzen. Herri horretako bandera izango da jokoan, eta larunbatean egingo da, 17:00etatik aurrera. Ligako bederatzi ontziak bi txandatan banatuko dituzte. Ligako sailkapenean laugarren den Delteco Zumaia bigarrengo txandan arituko da, eta seigarren den Zarautz Gesalaga Okelan lehenengoan.
Castro Urdialeseko hitzorduaren ondoren beste hiru estropada geratuko zaie ontzi hauek liga amaitzeko.
Kantabriako herri honek hartuko du KAE 1 ligako estropada, baina hori astelehenean izango da, abuztuaren 15ean, Aurretik, larunbatean, hilaren 13an, Plentziako XXXIII. Ikurrina izango da jokoan. 17:30ean hasiko dira traineruak lanean. Lau luzeko estropadak egingo dituzte, hiru ziabogarekin.
Handik bi egunetara, astelehenean, Castro Urdialeseko bandera izango da jokoan. Estropada hau ere arratsaldez jokatuko da, 17:30etik aurrera, eta Plentzian egin bezala, lau luze egingo dituzte ontziek, hiru ziabogarekin.
Azken bi estropada hauetan izango dira eskualdeko hiru ontziak: sailkapenean bosgarren den Zarautz Gesalaga Okelan, seigarren postuan dagoen Delteco Zumaia, eta hamaikagarren den Orio Orialki.
Castro Urdialeseko saioa izango da KAE 1 ligako azken-hirugarren estropada. Hurrengo asteburuan bukatuko dituzte ligako lanak, Zarautzen larunbatean eta Bilbon igandean.