KAE1 Ligako Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Bandera eta ETE Ligako Txingudi bandera izan dituzte jokoan gaur, Hondarribian. Goizean, emakumeen lehia jokatu da eta Zarautz Gesalaga Okelan seigarren postuan sailkatu da. Hondarribiak, etxeko taldeak, irabazi du norgehiagoka, aurkariei hamabost segundotik gora aterata.
Emakumeen lehia bukatutakoan, KAE 1 Ligako estropadari eman diote hasiera. Zarautz Arraun Elkarteko gizonezkoen talde nagusian bigarren txandan aritu da, Hondarribia B. Zumaia eta Castrorekin batera. Hondarribiak irabazi du txanda, baina lehia estu-estua izan du Delteco Zumaiarekin; azkenean, ehunekoek markatu dute diferentzia eta Bidasoako taldearentzat izan da txandako garaipena. Bandera, berriz, Pedreñak irabazi du.