- Marvin Gaye - Let's get it on
18 urte nituen, eta lagun on batek bidali zidan abestia. Gogoratzen dut lehenengo akordeekin bakarrik beste errealitate batean sartu nintzela. Marvin-en ahotsa beti goraino igotzen, hain fin eta sexia! Sentsualitate handia duen kanta da, ni horrela konkistatzen naiz. Friki melomanoentzat oso gomendagarria da High Fidelity filma, non abesti hau interpretatzen den, Jack Black-en eskutik!
- Weather report - Birdland
Nire aitari esker, jazz musikan igeri egiten hasi nintzen. Berak etxeko estudioan biniloak eta zintak jartzen zituen. Askotan doinu hau urrutitik entzuten nuen. Nolabait, istorio bat kontatzen zuen abestia zen niretzat. Jaco Pastorius-en soinua baxuan paregabea da eta nire ustez, taldeari berezitasuna ematen zion kidea zen. Ez baduzu entzun, The Manhattan Transfer taldeak 2 urte geroago, 1979an, interpretatu zuen bertsio ikaragarria gomendatzen dizut. Zalantzarik gabe, armonizazio eta konponketa zoragarriak dituen pieza musikala beste prisma batetik gozatzeko.
- Elthon John - Tiny dancer
Bernie Taupin-ek idatzi zuen altxor hau. Musikalki, Elton John-ekin egiten duen bikotea identitate propio handienetariko bat iruditzen zait. Elkarrekin egin dituzten kantak, ahotsa eta pianoa soilik hit bat dira, baina kanta honen atzean dagoen produkzioa ederra da, biolin apartak ditugu abesti osoan zehar kanta indartuz. Eta nork ez du ezagutzen abestiaren hasiera?
- Terry Reid - Ain't no shadow
Orain dela sei urte gutxi gorabehera, kasualitatez deskubritu nuen Terry Reid. Konkretuki Rogue Waves albuma, non abesti hau aurkitu nuen. Albuma goitik behera entzun nuen eta bukatzerakoan, hasieratik jarri behar izan nuen berriro. Terry-ren ahots marruskatua oso berezia da eta niretzat, nostalgia sentiarazten dizun musika egiten du. Gitarrak beti presentzia handia du eta abesti guztietan gustatzen zaidan gauzetariko bat da dena ez dela perfektua; bere modura jolasten du ahotsarekin eta horrek ematen dion naturaltasuna, niretzako sinesgarritasun eta araztasuna ematen diote. Gaur egun zaila da hori.
- Nick Cave - The ship song
Batzuetan, nahiz eta disko batean entzun eta jakin gustoko dudala, kanta bera zuzeneko kontzertu batean entzun eta askoz gehiago gozatzen dut. Hori da abesti honekin bereziki gertatzen dena. Songwriters Circle 1999-07-09 kontzertua-n; Nick Cave, bere pianoa eta publikoaren isiltasuna, ikaragarria. Konposaketa liluragarria da, biak, bai musika eta letra. Nick Cave-ren ahotsa beste mundukoa da. Nahiz eta abeslari oso teknikoa ez izan, bere ahotsa tonu eta sakontasun paregabeak ditu. Gainera, bere estetika eta gorputz espresioa sekulako pertsonalitatea adierazten dute. 80 hamarkadako crush galanta!