Puzzle eta Mus txapelketak jokatuko dituzte Azken Portun abuztuaren 6an

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 27a

2018ko mus txapelketa. (Amaia Urbieta Arruti)

Lehenengoz antolatu du jai batzordeak puzzle txapelketa. Parte hartzaileek abuztuaren 1a baino lehen eman beharko dute izena. Marmitako lehiaketan izena emateko epea ere zabalik dago, eta baldintzak zehaztuta daude dagoeneko.

Auzoko festen atarian, mus eta puzzle txapelketak antolatu dituzte Azken Portuko jai batzordekoek abuztuaren 6rako. Mus txapelketa urtero antolatu ohi dute, baina lehen aldiz egingo dute puzzlea osatzeko lehia aurten.

Puzzle txapelketan izena aurrez eman beharko da, eta abuztuaren 1a, datorren astelehena, izango da horretarako azken eguna. Izena ematen duen talde edo norbanako bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du, eta azkenportua@gmail.com helbidera idatzita eman beharko da izena. Puzzlea azkarren osatzen duenak Zubi-Ondo jatetxean bi lagunentzako afaria eta garaikurra irabaziko ditu; bigarren saria Naparrak tabernan bi lagunentzako afaria izango da; eta hirugarrena, La Potxen afaria birentzat.

Mus Txapelketari dagokionean, egunean bertan eman beharko dute izena bikoteek, 15:30ean, Tentenea plazan. Bikote parte hartzaile bakoitzak 20 euro ordaindu beharko du. Irabazleek 200 euroko saria eta txapela eskuratuko dituzte; azpitxapeldunek garaikurra eta 150 euro; gutxienez emakume batez osatutako bikote onenak Argiñanon bi lagunentzat afaria eta garaikurra eskuratuko ditu; eta auzoko bikote onenak Ameztigainen bi lagunentzat afaria eta garaikurra eskuratuko ditu.

Marmitako txapelketaren oinarriak

Abuztuaren 12an izango da aurtengo auzo bazkaria eta, horren aurretik, baita marmitako lehiaketa ere. Parte hartu nahi duten taldeek abuztuaren 8a baino lehenago eman beharko dute izena Isabel tabernan edo azkenportua@gmail.com helbidera mezua bidalita, mezuan taldearen eta partaideen izen-abizenak adierazita. Bi edo hiru pertsonaz osatutako taldeak izango dira, eta gehienez ere 30 taldek hartu dezakete parte.

Jai batzordeak honako osagai hauek jarriko ditu parte hartzaileen eskura: olioa, salda, piperrak, patatak, gatza, tipula, tomatea eta atuna. Osagai sekretuak gehitu ditzakete parte hartzaileek, baina ezingo dute etxetik aurrez prestatutako ezer eraman; osagai gordinak soilik gehitu daitezke. Sua, lapikoa eta bonbona ere jai batzordeak ipiniko ditu, eta taldekideek etxetik eraman beharko dituzte gainerako tresnak: laula, labanak, edota bestelako tresnak.

Marmitakoak 14:00etan aurkeztu beharko dira beranduenez ere, eta ondoren, auzo bazkarian jango dira marmitakoak.

Marmitako onena egin duen taldeak Kandela jatetxean bi lagunentzako afaria eskuratuko du.

Txartelak salgai

Marmitako lehiaketan parte hartu ez baina bazkarira joan nahi dutenek txartelak eskuragarri izango dituzte Astazubiko bidegorrian jarri ohi duten salmenta postuan, asteburuetan, 11:00etatk 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.

Helduentzako txartelak 12 euro balioko du, eta honakoak sartzen dira menuan: urdaiazpikoa eta patea, marmitakoa, arroz-esnea, kafea eta patxarana. Haurrentzako txartelak 6 euro balioko du, eta horien menuan urdaiazpikoa, patea, makarroiak eta izozkia sartzen dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide