"Santa Klararen etorkizuna egoki bideratzeko beharrezkoa eta onuragarria da herritarrek pentsatzen dutena jasotzea"

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 25a

Santa Klara komentua (Argazkia: Zarauzko Udala)

Hala azaldu du prentsa ohar bidez Xabier Txurruka alkateak. Udalak ate irekiak antolatu ditu bi hilabetez, eta "1.800 pertsona inguruk" ikusi dute konbentua barrutik. Horiei guztiei galdetegi bat erantzuteko aukera eman zaie, eta erdiak baino gehiagok erantzun dute kultur jardueretarako izatea nahi dutela Santa Klara.

Zarauzko Udalak bi hilabetez eduki ditu zabalik Santa Klara komentuko ateak eraikina eta inguruak barrutik erakusteko herritarrei. "Guztira 134 bisita ordu izan dira, eta 1.800 pertsona inguru bertaratu dira". Bisita horiek aprobetxatu ditu udalak herritarren iritziak biltzeko. Zehazki, bi galdera egin dizkiete: batetik, ea zer erabilera emango lieketen Santa Klarari, eta, bestetik, ea zer amesten duten Santa Klararako.

Prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, galdetegia bete dutenen artean "% 58,86ak Santa Klara komentua kultur erabilerara bideratzeko nahia azaldu dute". Alde handia dago beste erabilera batzuekin alderatuta: "% 16,57ak ostatu edota erromesentzako aterpetxe bat prestatzeko nahia agertu dute eta, % 13,71ak, berriz, Santa Klaran adinekoentzako egoitza bat ezartzea eskatu dute". Momentuz, udalak ez du jakinarazi guztira zenbat erantzun jaso dituen, ezta beste zer erantzun jaso dituen zehaztu ere.

Udalak hainbat ondorio atera ditu egindako galdeketatik: "Galdeketa honetan parte hartu duten herritarren gehiengoak kultur eskaintza bateratzeko beharra azpimarratu du beren erantzunetan, eta egun sakabanatuta dauden zerbitzuak gune zentralizatu batean metatzea (liburutegia, erakusketak, Musika Eskola…)".

Irune Urbieta Kultura zinegotziak ideia horretan sakondu du: "Parte hartu duten herritarrek Santa Klaran kontzertuak emateko instalakuntzak, liburutegia, ikuskizun eszenikoak edota ikastaroak egiteko instalakuntzak baloratu dituzte gehienbat".

Hausnarketa prozesuan

Udalak azpimarratu du iaz komentua eta inguruko eraikin multzoa erosi zituenetik, herriko ondare historiko eta arkitektoniko hori "gorde eta babesteko beharrezko lanak egiteaz gain", etorkizunean espazio horri emango zaion "erabilera bilatzeko lanean" ari dela udala, eta hor kokatu du herritarren iritzia biltzeko saioa Xabier Txurruka alkateak.

"Momentu honetan entzute aktibo eta hausnarketa prozesu batean lanean ari gara, zarauztarren onurarako izango den azpiegitura publiko honi emango zaion erabileraren inguruan herritarren ideiak eta ekarpenak entzuten", azaldu du. "Santa Klararen etorkizuna egoki bideratzeko aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, eta herritarrek gai honetaz pentsatzen dutena jasotzea beharrezkoa eta oso onuragarria da", gaineratu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide