Laugarren eta seigarren izan dira Zarautz Gesalaga Okelaneko traineruak gaurko estropadetan

Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 23a, 20:30

Argazkia: ZAE

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu dira gaur, biak ere erlojuaren aurkakoak. Emakumeek Errenterian izan dute estropada; gizonek, berriz, Trintxerpen. 

Oiartzun ibaian jokatu da eguerdian ETE ligako estropada, Errenteriako Hiria Emakumeen Traineru Elkarteko Liga IV. Ikurriña. Erlojupean aritu dira liga honetan lehiatzen ari diren bederatzi ontziak, bi txandatan banatuta. 

Zarautz Gesalaga Okelan lehen txandan aritu da, Portugalete, Castro eta Hernanirekin batera. Bere txandako denborarik onena egin du Zarautzek –11:13,31–. Bigarren txandan aritu den Zumaiarena baina hobeagoa ere izan da 31 ehunekoengatik, eta, ondorioz, laugarren postuan amaitu du gaurko estropada.

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak. Ligako sailkapenean seigarren postuan dago Zarautz, 34 punturekin. Sailkapeneko buruan 64 puntura berdinduta daude gaur egun lider den Hondarribia eta bigarren den Hibaika. 

Kilometro gutxira jokatu da arratsaldean KAE 1 ligako estropada, Pasaiako XXXVII. Ikurriña. Eguerdikoa bezala, hau ere erlojupeko estropada izan da. Parte hartzaileak bi txandatan banatu dituzte. Zarautz Gesalaga Okelan bigarren txandan aritu da Hondarribia, San Juan, Pedreña, Arkote eta Sanpedrotarrarekin batera. Enbata ez da aurreko jardunaldietan bezein ondo aritu, eta bere txandako bosgarren denbora egin du –20:41,03–. Lehen txandan aritu den Delteco Zumaiak denbora hobea egin du, eta aurretik kokatu da estropadako sailkapenean; seigarren izan da Zarautz gaurko estropadan.

Pasaiako estropadako denborak hemen ikus daitezke. KAE 1 ligako sailkapen orokorrean hirugarren postuan da Zarautz, 73 punturekin. Sanpedrotarra da liderra 86 punturekin.

Datorren astean izango dituzte Zarautz Gesalaga Okelaneko ontziek hurrengo estropadak. Camargon izango dituzte biek ere hitzorduak, larunbatean, uztailaren 30ean: emakumeak Camargo Hiriko bigarren banderan lehiatuko dira 17:15etik aurrera, eta gizonak 18:00etan Camargo Hiriko XXX. banderan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide