Zarauztarren doinuak

Ana Galarragaren doinuak

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 09:00

Hainbat zarauztarrek hautatutako bost abesti jasoko ditugu berrartu berri dugun 'Zarauztarren doinuak' izeneko txoko honetan, eta Ana Galarraga da aste honetako protagonista.

Musikaren eragina ukaezina da, baita musika maite ez dutela uste dutenengan ere. Ez da nire kasua: jabetzen naiz eragiten nauela, eta erabili ere erabiltzen dut barneko emozioak bideratzeko eta kanpoko giroa aldatzeko. Doinuak ez ezik, hitzek ere garrantzi handia dute niretzat; horregatik, normalean, gehien hunkitzen nauten kantuak euskaraz izaten dira. Hala dira Zarauzko Hitzaren eskariz aukeratutako sorta honetako abestiak. 

  • MICE Miren Narbaiza- Ernaltzen.

Napoka Hiria taldean jotzen eta abesten zuenetik naiz Mirenen jarraitzailea. Oso gustuko ditut bere ahotsa eta kantatzeko moduak, eta melodietan nortasun handia erakusten duela iruditzen zait. Horren froga, abesti ezagunekin egin dituen moldaketak, hasi Ruper Ordorikarenetatik  eta Delirum Tremensen Laino ilunak-eraino, besteak beste. Zoragarria da entzutea nola egiten dituen bere. Enaltzen kantua, berriz, bere-berea da; bereak dira musika eta hitza. Harribitxi hau entzunda, zain nago noiz etorriko den disko berria, diskoaz zein kontzertuez gozatzeko.

  • Ruper Ordorika-Sekulabelardiko kantaria.

Eta Ruper aipatuta, seguru asko bera da urte gehien daramatzana nire ondoan, lehen diskotik maite baitut bere musika. Hautsi da anphora-k erabat liluratu ninduen, eta behin eta berriz entzuten nuen, inguruko guztiak nazkatzeraino (doinu gogorragoen sasoia zen). Geroztik, ez du disko txarrik egin, eta buruz dakizkit garai guztietako hainbat eta hainbat kantu, barruraino sartzen baitzizkit, gozo eta iraunkor. Bat aukeratu behar, eta Sekulabelardiko kantaria hautatu dut, Mikel Laboaren omenez egin zuelako. Hain xamur, hain egiazko... Lehen notetatik oilo-ipurdia jartzen dit. Bide batez, Laboa zerrendan egoteko modua ere ematen du kantu honek.

  •  Petti- Ez pentsatzea.

Pettiren musikak ere badu barruraino sartzeko dohain hori. Mikel Laboaren ahotsa zilarrezkoa bazen, merkuriozkoa da Pettirena: metalezkoa izanagatik, ez da solidoa, likidoa baizik. Era guztietako doinuak egiteko eta interpretatzeko ahalmena du, bere azken diskoan, Manipulazio estrategiak, erakusten duen bezala. Bere diskorik onena den arren (eta urte horretan Euskal Herrian argitaratutako onenetakoa), aukeratu dudan abestia aspaldikoa da. 2001eko Arrazoiak diskoan dago, eta ziur nago harrituta utziko duela Pettiren alderdi basatiena soilik ezagutzen duena. Eztena eta eztia, bietatik eskaintzeko gai da Petti; merezi du kantuak ezagutzea, eta, bereziki, zuzenean ikustea: kontzertu guztiak dira bakanak eta desberdinak.

  • Anari- Piromania

Lehen diskotik gustuko izan banuen ere, Zebra diskotik aurrera bihurtu nintzen Anariren jarraitzaile sutsu. Eta musikagatik bezainbeste, edo are gehiago, da hitzengatik. Ikaragarria da metaforak sortzeko eta nire barneko munduarekin lotzeko duen dohaina. Zuzenekoetan ere nabarmena da mezuarekin batera emozioak transmititzeko eta entzuleok parte izateko gaitasuna. Horren adibidea da Piromania abestia. Egunkari bateko albiste bat oinarri hartuta (zorritxarrez, erabateko gaurkotasunekoa) harreman afektibo-sexualen inguruko kantua egiten du, eta entzuleok alde batekin edo bestearekin identifikatu gaitezke, unearen edo pentsamoldearen arabera. Bideo honen kalitatea kaxkarra bada ere, ondo ikusten da azaldu dudana.

  • Mursego- Mursego vs Gloria Fuertes.

Ez dut uste hori denik kantuaren izena. Oker ez banago, Berrirakurtzen izeneko ziklorako Mursegok prestatutako saiokoa da. Gloria Fuertesen omenez sortu zuen, eta Mursegoren ezaugarri guztiak ditu: sormena eta irudimena borborka, umorea kiloka eta zulo beltzen sakontasuna. Sortzaile erabat harrigarria eta hipnotikoa da, guztiz askea eta bakana. Zuzenekoak performance bihurtzen ditu, eta elementu desberdinenak bere egiteko eta nahasteko ahalmena du: doinuak, hitzak, egileak, denborak, tresnak, irudiak, hizkuntzak, hotsak... Jolasa dirudiena filosofia da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide