Presoak euskal herriratzea aldarrikatzeko, Bizikleta Itzulia egingo du Sarek datozen egunetan. Egitasmo horren helburua, aldarria lau haizetara zabaltzeaz gain, parte hartzaileek kirol apur bat eginez ondo pasatzea da. Hiru etapatan banatuta egingo dute martxa, ostiraletik igandera. Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hasiko da egitasmoa ostiralean, eta igandean amaituko da, Donostian. Bitarte horretan, beste hainbat herriren artean, Zarautz ere zeharkatuko du itzuliak.
Ostiralean egingo dute lehen etapa; Etxarri-Aranatzen hasi eta Durangon (Bizkaia) amaituko da. Bigarren etapa Durangon abiatu eta Azpeitiko plazan amaituko da. Hirugarren etapa, igandekoa, Azpeititik abiatuko da eta, ondoren, Zestoara joango da, 09:30ean, eta jarraian Zarautzera; 10:00etan iritsiko da bertara, San Inazio kaletik sartuta.
Bizikleta martxan parte hartzeko hainbat modu daude, eta interesatuek hemen aurki dezakete informazio osatua.