Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi ataleko Ugazi Manterola eta Miren Garate jokalari zarauztarrek Munduko Txapelketan parte hartuko dute uztail amaieran, Ipar Mazedonian. Guerreras Juveniles izeneko selekzioak ez du lan erraza izango, lehen txandan arerio gogorrak izango baititu: Frantzia (uztailaren 30ean), Hungaria (abuztuaren 1ean) eta Argentina (abuztuaren 2an).
Astelehenean hasiko dira jokalariak motorrak berotzen, baita bi hegaletan aritzen diren jokalari zarauztarrak ere. Lehenengo Granollersen (Herrialde Katalanak) batuko dira, eta hiru egunez prestaketa lanak egingo dituzte. Uztailaren 28an abiatuko dira Skopjera.
Indarrak hartuta helduko dira Manterola eta Garate Munduko Txapelketara, izan ere, oraintsu irabazi berri dute Portugalgo Paredes Handball Cup txapelketa selekzioarekin.
Gure jokalari diren Ugazi Manterola eta Miren Garate Espainiako selekzioarekin izan dira, eta Portugaleko Paredes Cup22 irabazi dute! 🖤🤍🤩
— Zarauzko Eskubaloia (@zkeskubaloia) July 18, 2022
Zorionak neskak!! @RFEBalonmano @EEF_FVascaBM #DNAZarauztarra pic.twitter.com/7lgJ6kjSxb
Iaz ere txapelketa garrantzitsua jokatu zuen Manterolak Lituanian Espainiako selekzioarekin. Orduko hartan ez zuten helburua lortu, baina esperientzia aberasgarria izan zen zarauztarrarentzat.