Zarauzko Udalak herriko hamahiru jolas parke berritu nahi ditu, eta maiatzean esleitu zituen hori burutzeko lanak; guztira 750.000 euroko inbertsioa eskatuko du "haurren irudimena, parte hartzea eta jolas inklusiboak sustatzen dituzten diseinu integratzaileak ezartzeak", Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako EAJko zinegotziak ohar bidez gogorarazi duenez.
Herriko bost parke aukeratu dituzte aldaketa horiek egiten hasteko, eta aste honetan bertan abiatu dituzte lanak Aritzbatalde plazan, Donibane plazan, Torre Luzea parkean, Geltoki parkean eta Santuiturri parkean. San Martinek jakinarazi duenez, hainbat aste beharko dituzte lanak amaitzeko, eta urtea amaitu aurretik beste hiru jolas parke eraberritzea aurreikusi du udalak.
Oraingoz, ez dute zehaztu zer parke berrituko dituzten gero.