Urriaren 14an eta 15ean ospatuko da Kuadrillen Eguna

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 14a

Artxiboko irudian, gazte bat 2016ko Kuadrilla Eguneko jolas batean parte hartzen.

Festa egun horiek antolatzeko bilera irekira deitu du udalak datorren asteazkenean, hilak 20. Bertaratu ezin duenarentzat ere jarri dituzte bideak proposamenak eta ideiak helarazteko antolatzaileei.

Beste hainbat kale ekintza bezala, Kuadrilla Eguna ere ez da ospatu azken bi urteetan COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Aurten, ordea, berreskuratu egingo du festa hori udalak, eta egunak ere iragarri ditu: urriaren 14an eta 15ean izango da, ostiralarekin eta larunbatarekin.

Kuadrilla Eguna antolatzeko, eta "beti izan diren festa herrikoi, alai eta parte hartzaileak izaten jarrai dezaten", Zarauzko Udalak bilera irekia egingo du interesa duen herritar orok bere ekarpenak eta proposamenak egin ditzan egun horietan antolatuko dituzten egitarauaren inguruan.

Bilera uztailaren 20an izango da, asteazkenean, 18:30ean Etxezabalako bilera aretoan (Kale Nagusia, 29). Informazio gehiago nahi duenak edo bertaratu ezin duenak eta ideiak eta proposamenak bidali nahi dituenak, aukera du gazteria@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 22 zenbakira deituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide