Musika Bandak udako kontzertua eskainiko du larunbat honetan

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 13a

Artxiboko irudian, Zarauzko Musika Banda.

Azken urteetan ezin izan diete emanaldia eskaini herritarrei COVID-19a dela eta, baina aurten kalera itzuliko dira. Saioa iluntzean izango da, Iñurritza auzoan, eta hainbat doinuz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren musikazaleek.

Zarauzko Musika Bandak udako kontzertua eskainiko du asteburuan. Zehazki, larunbatean da hitzordua, 20:00etan hasita, Iñurritza auzoan. Izan ere, bandako arduradunek azaldu dute taldea gogotsu dagoela herritarrengana eta herrira gerturatzeko, COVID-19ak eragindako azken urteetako geldialdiaren ondoren.

Bertaratzen diren herritarrek hainbat melodiaz gozatzeko aukera izango dute: aurrena Broadway (A.C. Van Leeuwe) izeneko kanta eskainiko dute; ondoren, Alvamar Overture (James Charles Barnes); Marcia alla Turca (Martxa Turkiarra, Ludwig van Beethoven); laugarren abestia Festa Paesana (Jacob de Haan) izango da; eta, amaitzeko, Abba Gold eta Jesus Gudiriren El Caserio.

Kontzertuak, guztira, 45 minutu inguruko iraupena izango du, eta bandako kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera eta musikaz gozatzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide