Nerea Murua hirugarren izan da San Anton Biran

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 11

Ana Vega donostiarra izan zen lehenengoa emakumezkoetan, eta bigarren postuan geratu zen Irati Mendiaren pare-parean gurutzatu zuen Muruak helmuga. Laugarren postuan geratu zen Ainhoa Murua zarauztarra. 

Nerea Murua zarauztarra podiumean sartu zen atzo Getarian jokatu zuten San Anton Bira igeriketa proban, eta haren atzetik, laugarren postuan, geratu zen Ainhoa Murua ahizpa. Lehen eta bigarren postuan geratu ziren Ana Vega eta Irati Mendia. Hain zuzen, paretsu gurutzatu zuten helmuga Mendiak eta Muruak, eta kronoak.com atariaren arabera, 38 minutu eta 26 segundoan amaitu zuten proba biek.

200 igerilari inguruk parte hartu zuten igeriketa proban. Gaztetape hondartzatik abiatuta, San Anton mendiari bira eman, portua inguratu eta Malkorbe hondartzan amaitu zuten zeharkaldia kirolariek, 2,6 kilometroko distantzia igerian eginda. Haigor Aranguren izan zen gizonezkoetan Malkorbe hondartzako helmugara heltzen lehena, zeharkaldia 33 minutu eta 4 segundoan burututa; emakumezkoetan, berriz, 37 minutu eta 9 segundoko denborarekin irabazi zuen Vegak. 

Asko izan ziren etxeko proban parte hartzera animatu diren getariarrak, eta horien artean, Maialen Chueca eta Iosu Iribar izan ziren denborarik onena egin dutenak (44' eta 39'' eta 40' eta 13'', hurrenez hurren). Zarauztar ugari ere atera ziren igerian egitera. Besteak beste, azpimarratzeko moduko lana egin zuten Iñigo Eizagirrek, Asier Freirek edota Gorka Arregik. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide